GARA > Idatzia > Errugbia

Ohorezko Maila

Ordiziak lortu du aurtengo estreinako garaipena

Gipuzkoarrek norgehiagoka bikaina egin zuten; joko on horri esker lau entsegu ere egin zituzten, eta horrekin batera puntu gehigarria ere bai. Jadanik utzi dute sailkapeneko azkeneko postua.

KITMAR ORDIZIA 30

SANTBOIANA 13

Jon LEUNDA | ORDIZIA

Ordiziak atzo lortu zuen aurtengo lehen garaipena, handiki lortu zuen gainera, erasoko puntu gehigarria ere lortu baitzuen, eta bost puntu batzeko modua egin zuen.

Axio Arañak zuzentzen duen taldeak norgehiagoka bikaina egin zuen. Ez ziren ongi hasi, zazpigarren minutuan transformatutako entsegua jaso baitzuten, baina horrek ez zituen kikildu, eta lanean jarraitu zuten. Zazpi minutu geroago heldu zen etxekoen lehen entsegua. Tarraguelek, atzoko izarrak, baloia lapurtu, eta entsegua egin zuen; Catchopletek transformatu zuen.

Zazpi geroago, Zelanda Berriko jokalariak bigarren entsegua egin zuen, eta berak transformatu zuen. Gero, Abadiak zigor bat gauzatu eta 14-10ekoa jarri zuen markagailuan. Emaitza horrekin joan ziren bi taldeak atseden hartzera.

Tarraguel

Bigarren zatia hasi, eta lehen minutuan Tarraguelek hirugarren entsegua lortu zuen, eta bere bigarrena. Zaragozako jokalariak sekulako norgehiagoka egin zuen. Oraingoan Catchopletek ez zuen transformatu, baina aldea handitu egin zuten gipuzkoarrek. Abadiak gauzatutako zigorrari, jokalari ozeaniarrak beste bi zigorrekin erantzun zion, eta 22-13 aurreratu ziren urdinak.

Goierritarrak lanean jarraitu zuten; laugarren entsegu bat ere nahi zuten, horrek puntu gehigarria emango baitzien, eta hori ere heldu zen, berriro ere Tarraguelek egin zuen, atzoko hirugarena zuen, eta taldearen laugarrena. Horrekin neurketa erabakita geratu zen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo