GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-zulatzea Amaiera

Trapagarango taldeak ezustea eman, eta erraz irabazi du Euskal Herriko finala

J.L. | DONOSTIA

Trapagaranek lortu zuen atzo Euskal Herriko txapela Galdamesen jokatu zen finalean. Jaizubia zen faboritoa. Aurten dena irabazita zetorren, bai Euskal Herriko Liga, bai eta Bakarkakoa ere, baina atzo laugarren postuan amaitu zuten. Egia da harria puskatu zitzaiela, eta horrek eragina izan zezakeela, baina txapeldunek lan bikaina egin zuten.

Trapagaranek aitzakiarik gabeko garaipena eskuratu zuen. Lan bikaina egin zuten hasieratik bukaerara; marka ederra egin zuten, eta ongi merezita eraman zuten txapela.

Bigarren, Aldai Alde geratu zen, eta hauek Trapagaranengandik ia zulo batera geratu ziren. Ez ziren gaizki aritu, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Ortuella izan zen hirugarren amaitu zuena. Hauei ere harriaren zati bat apurtu egin zitzaien, eta horrek agian eragin apurren bat izan zezakeen, baina lehen bi postuetatik nahiko urruti geratu ziren, eta horrek ez dauka aitzakiarik.

Ezustea Jaizubiak eman zuen. Irabazteko faboritoak ziren, baina irabazleengandik ia hiru zulotara geratu ziren. Harria erabat puskatu zitzaien, baina hala ere, orain arte erakutsitako maila baino nahiko kaskarragoa eman zuten. Atzokoarekin amaitu da sasoia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo