GARA > Idatzia > Ikusmira

Kubaren kontrako blokeoari gaitzespen orokorra

Nazio Batuen Erakundearen Asanblea Nagusiak atzo, azken 15 urteetan bezala, AEBek Kubaren kontra duten blokeoa bertan behera uzteko eskatu zuen, gehiengo handiz eskatu ere: 184 estatu agertu ziren blokeoaren kontra, eta alde Israel, jakina, eta Palau eta Marshall Uharteak. Zalantzarik gabe blokeo hori giza eskubideen kontrako jarrera argi baten ondorio da, eta hala ikusten du ia mundu osoak. Bestalde, ia mende erdiko jarrera bidegabe horrek ez du bere helburua lortu, urte horietan guztietan kubatarrak ez baitira beren gobernuaren kontra matxinatu. Hala ere, blokeoak izan du eraginik irla hartako bizilagunengan, kubatarren bizimodua nabarmen kaltetua gertatu baita.

Blokeoaren kontrako jarrera argia da mundu osoan; AEBetan ere ez dira gutxi hura gaitzesten duten ahotsak. Are gehiago, bertako komunitate kubatarrik ezagunena Miamikoa bada ere, beste batzuek, hala nola New Jerseykoak, neurri gogor hori gogor gaitzetsi dute. Hala ere, George W. Bush presidenteak blokeoa zorrozteko asmoa iragarri du oraindik orain. Horiek horrela, beste behin ere agerian geratu da NBEren gabezia demokratikoa, bere erabakiek ez baitute balio boteretsuenen gehiegikeriak geldiarazteko. Nolanahi ere, atzokoan berriz ere argi geratu zen AEBen eta bereziki Bush presidentearen bakardade eta moralik eza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo