Azaitz Gartzia eta Ibai Redondo Eskolak Euskaldundu Herri Ekimena
Eskolak euskalduntzea, aro berria?
Hiru administrazioek mahai gainean plan berriak jarri dituzte. Aro berria ireki nahi dute, zerbait aldatu, ezer gutxi aldatzeko
Eskolak euskaldundu, edo eskolak erdalduntzen jarraitu; hori da begien aurrean dugun gudu zelaian gertatzen ari dena. Gerra horretako hainbat batailaren hotsak heltzen zaizkigu belarrietara: British eredua, irakasle euskaldunak falta direla, LEP (Lan Eskaintza Publikoa) berrian irakasle erdaldunentzako lanpostuak, Unibertsitatea erdalduntzeko planak, 0-3 zikloan ikastetxe erdaldun berriak, etab.
Espainia eta Frantziako Gobernu guztien helburua, beren estatuan nazio bakarra bizitzea izan da. Horretarako, nazio estrategia oso baten baitan, beren lurraldeko gainontzeko herri, kultura, identitate eta hizkuntzak paretik kentzen saiatu dira
Langintza horretan tresna garrantzitsua izan da hezkuntza sistema, eta ahalegin guztiak egin dituzte tresna hau erabilita belaunaldi berriek euskara ezagutu ez dezaten. Tamalez, azken 25 urteotan Nafarroa eta EAEko administrazioen laguntza izan dute lan honetan, Madrilen onartutako legeak aplikatuz eta izan ditugun aukerak joaten utziz.
Gauzak horrela, gaur Euskal Herrian ikasleen %35 soilik euskalduntzen du eskolak, hiru ikasletik bakarra; azken 25 urteotan ehunka mila ikaslek amaitu dute derrigorrezko hezkuntza euskara ezagutu gabe; hizkuntza eta hezkuntza eskubide oinarrizkoenak zapalduak izan dira; hizkuntza ereduen politikek porrot egin dute... eta soka luzea egin dezakegu horrela. Datu harrigarriak izango dira batzuentzat, baina errealitatea gordina da eta horrela erakusten dute azken urteotan egin diren azterketa soziolinguistiko guztiek.
Zorionez, euskara bizi da eta ez du munduko edo Espainia zein Frantziaren menpeko beste lurralde batzuetako hizkuntza andanaren patua ezagutu, hau da, desagertzea. Bizirik iraun eta etorkizun hobearen esperantza izatea milaka euskal herritarren ahaleginari zor diogu: ikastolak sortu eta zabaltzen aritu diren milaka guraso eta irakasleei; eskola publikoak euskalduntzen jardun duten guztiei; helduak euskaldundu eta alfabetatzen aritu direnei; ikasleei, borrokaren lehen lerroan egon direlako, etab.
Gaur aro berria? Azken urteotan Eskolak Euskaldundu plataformatik indarrak bildu eta eskolak Euskal Herri osoko ikasleak euskalduntzeko eskaria kalera atera dugu, eta herritarren hitza agintarien aurrean argi azaldu. Horren erakusle Euskal Herrian egin den sinadura bilketarik handienetakoa: 107.768 herritarrek babestu zuten.
2005/06 ikasturtean egin genuen sinadura bilketan Nafarroako Hezkuntza Sailari, Gasteizko Hezkuntza Sailari eta Euskararen Erakunde Publikoari eskari garbia egin genien: Euskal Herri osoko ikasle guztiak osoki euskalduntzeko neurriak lehenbailehen har zitzatela, guztien buru hizkuntza ereduen desagerpena, euskararen ofizialtasuna eta hezkuntza sistema nazionala eraikitzeko eskariak.
Sinadura bilketak eta ondoren egindako mobilizazioek neurriak hartzera bultzatu dituzte hiru administrazioak, tamalez, mahai gainean jarri dituzten proposamenek ez diete inondik inora erantzuten herritarren eskariei, haiek lasaitzeko iruzurrak dira!
Nafarroako Gobernua. Euskararen Institutua sortu du. Euskara bultzatzea omen da bere helburua, ahalmen zein baliabide oso mugatuak ditu eta gainera ez dago prest Vascuencearen Legea aldatzeko. Nola izango da posible Nafarroan eskolak euskalduntzea euskara ofiziala ez bada? Gaur egun eskolak ikasleen %20 euskalduntzen badu, nola aldatu egoera hori? 0-3 ziklorako eskola erdaldun berriak sortuz? Derrigorrezko Hezkuntzan gaztelera-ingelesa eredua bultzatuz (British)?Unibertsitatea euskalduntzeko planik martxan jarri gabe?
EAEko Gobernua. Hizkuntza ereduen porrota izugarria izan da, dozenaka mila ikaslek euskara ezagutu gabe amaitu du Derrigorrezko Hezkuntza eta orain hizkuntza ereduen proposamena gaindituko duen dekretua onartu berri du. Marketin kanpaina honetan esaldi izarra «euskara hizkuntza nagusia» izango da. Bai eta lasai asko gelditu gainera. B ereduan ere hizkuntza nagusia euskara da, baina EAEn hiru ikasletik bakarrak lortzen du euskaraz gaitasun minimoa eredu horretan. Bitartean ikasturteko lehen neurria hartu du Hezkuntza Sailak, Lan Eskaintza Publikoa egitea, bertan irakasleen %22ri ez diete hizkuntza eskakizunik galdegingo. Adarra jotzen ari al zara, Tontxu? EAEko hezkuntza sisteman dagoen irakasle erdaldunen poltsa gaur gehiegizkoa da, sobera daude, eta poltsa horri berriak gehitzeak konponduko al du egoera? LHak euskalduntzeko planik ez izateak? UPV euskalduntzeko plan berriak zaharraren helburuak errepikatzeak?
Euskararen Erakunde Publikoa. Frantziako Gobernuak sortu zuen erakunde honek oso mugaturik ditu bere egiteko zein baliabideak. Hala ere, Euskara Plana deritzona plazaratzera ausartu da. Bai, ausartu diogu, ausardia behar delako hizkuntza berreskuratzeko horrelako plan ziztrin bat proposatzeko. Euskara hil zorian dago Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan, eskolak ikasleen %5 soilik euskalduntzen duelarik. Euskarak lehenbailehen neurri zuzentzaile eraginkorrak behar ditu, guztien buru ofizialtasuna. Max Brissonek proposatutako planaren helburua euskara hiltzen uztea delakoan gaude, minimoen minimoetara ere ez delako iristen, non daude irakasle euskaldunen kontratazioak?
Hiru administrazioek mahai gainean plan berriak jarri dituzte. Aro berria ireki nahi dute, zerbait aldatu, ezer gutxi aldatzeko. Plan hauek epe luzera egindakoak dira, 10, 15, 20... urte. Proposamen hauen aurrean ezin gara besoak gurutzaturik gelditu, erantzun beharra dago eta Eskolak Euskaldundu ekimenetik erantzuna prestatzen ari gara.
Hala ere, zorionez, euskal herritarrak ez gara inoiz gure agintariek egingo dutenaren zain egon. Herriz herri eta ikastetxez ikastetxe antolatu eta euskalduntzearen alde lan egiten jarraitzeko deia egin nahi dizuegu: euskararen ofizialtasunerantz eta hezkuntza sistema nazionalerantz pausoak emanez.
Aldi berean, dei egin nahi diegu hezkuntza zein euskalgintzako eragile guztiei, Nazio Eztabaidaren baitan eskolak euskalduntzeko plan nazionala egia bihurtzeko pauso berriak eman ditzaten.
Guztion artean lortuko dugu!
(*) Azaitz Gartzia (EHE) eta Ibai Redondorekin (EHBE) batera, Gorka Zozaiak (IA), Mari Karmen Urteagak (LAB) eta Julen Etxeberriak (Sortzen-Ikasbatuaz) ere sinatzen dute artikulu hau