Xabier Izaga Irakaslea
Hildakoak bisitan
Atzo Domuru Santua. Hildakoei bisita egiteko eguna. Aurten, ordea, eurek egin digute lehenago. Batekoek eta bestekoek. Hildakoak bakean utzi behar direla diote batzuek, baina eurek batetik bestera darabiltzate berenak, Vatikanoraino, epaitegietara... eta, gaizki iruditzen zaie bestelakoak hobi komunetik ateratzea. Mota desberdinetako hildakoak badira eta.
Astebetetsuan hildako andana ibili da, beraz, bizion artean. Atzekoz aurrera hasita, M-11ko atentatuen epaia argitaratu zuten, baina milaka zigor-urte horiek ez dituzte erantzule nagusiak ukitu, eta oraindik hilketak barra-barra eragiten segitzen dute, Mendebaldeko bizimodu zibilizatua asaldatzen ez badute ere.
Egun berean Madrilgo Kongresuan Memoria Historikoaren Legea onartu zuten, erretenetako hildakoek molestatzen ez zituztenen kontra; zenbaiten ustez lege herrena, beste zenbaiten ustez tetraplegikoa, egia baino ahanztura nahiago duena. Asteartean Batasuneko zenbait kideren, Gobernuko lehendakariaren eta PSEko kide biren kontrako epaiketa iragarri zuten, biktima profesionalen izenean. Igandean faxismoak bere jaia ospatu zuen Erroman Eliza katolikoaren zaindaritzapean.
Larunbatean, azkenik, Hernaniko hogeita bat hildako oroitzeko ekitaldia debekatu egin zuen auzipetuta dagoen lehendakariaren Gobernuak, lege horren kontra behin eta berriz agertu den Gobernuak. Honelako kasuetan bururatzen zaizkigun galderek ez dute asmo teologikorik, eta erabat mundutarrak dira: Hernanikoak ez al daude guztiz hilda, gainerako hildakoak bezala? Nor da Lakuako Gobernua, nor dira epaileak edo Aita Santua edozein hildakoren oroitza debekatzeko? Errepresioak erauzitako lagun horiei guztiei nire omenaldi sentitu eta mindua txoko honetatik, eta baldintzarik gabeko elkartasuna hain krudel kolpatu eta kolpatzen, iraindu eta iraintzen duten Hernaniko herriari.
Lurreko justiziak hilekin biziekin bezain trakets jokatzen duela ikusita, eta sinesgabe izanda ere, zerukoa artezagoa den esperoan pentsatzen hasita nago Etxahun Irurik bezala kanturen bat gorde beharko dudala «entrada gisa kanta dezadan Josefateko sohüan».