Bihar hasiko da bertsolari gazteen Hernandorena saria Barkoxen
Eneritz ZABALETA | BAIONA
Bihar hasiko da Barkoxen Euskal Herriko 24 bertsolari gazte biltzen dituen Hernandorena sariketa. Aurtengoa, hirugarren edizioa izanen da. Lau saio iraganen dira asteburu honetatik hasita eta bakoitzean sei bertsolarik kantatuko dute. Bihar, Barkoxen abiatuko da sariketa. Azaroaren 10ean, aldiz, Larresoron izanen da bertsolarien entzuteko parada. Azaroaren 16an eta 23an, Baigorrin eta Saran iraganen dira azken bi kanporaketak. Kanporaketa horietan sailkatutako zortzi bertsolariek abenduaren 8an jokatuko dute finala, Aiherrako Denen Etxean.
Urteroko legeari jarraiki, aurten ere Lapurdiko eta Behe Nafarroako bertsolariak izanen dira gehiengo kantuan. 12 izanen dira lurralde horietako inprobisatzaileak. Hala ere, lurralde guztietako bertsolariek izanen dute kantatzeko aukera, gainerako 12 parte hartzaileak Euskal Herriko beste lurraldeetatik jinen baitira.
Tokiko elkarlana
Kanporaketa saioak afalostean iraganen dira. Bertsolariek, elkarrekin afaldu ostean, saioa eskainiko diete entzuleei. Abenduko 8ko finala, berriz, oholtza gainean eginen da. Aipatzekoa da saio guztien antolaketa Bertsularien Lagunak elkartearen eta tokian tokiko elkarteen artean elkarlanean burutuko dela. Gisa horretan, Bertsularien Lagunak elkarteak bertso zaletasuna Ipar Euskal Herriko eskualdeetan sustraitu nahi du, tokiko eragileekin harremanak sendotuz.
Aurtengo edizioak, 2008an antolatuko den Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako txapelketa nagusiaren prestaketa orokorra izatea du helburu. Horrenbestez, Hernandorena sarirako osatu diren gai egile, epaile, idazkari eta gainerako antolatzaileek zuzeneko prestaketa izanen dute, hurrengo urteko txapelketa nagusiari begira.
Bide batez, bertsolariak ere hitzordu horri begira ezartzeko balioko du aurtengo Hernandorena sariaren hirugarren edizio honek.