GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Ziklo krosa Euskadiko Federazioaren Spiuk Torneoa

Ez du bere pareko aurkaririk eduki Unai Yusek Osintxun

Bigarren itzulian Javier Ruiz de Larrinagari gurpila zulatu ondoren bakarrik egin zuen ibilbidea gasteiztarrak eta Pobesen lortu garaipena berrestea lortu zuen

p042_f01_111x111.jpg

GARA | BERGARA

Besterik uste izan bazitekeen ere, ez zen Yus-Ruiz de Larrinagaren arteko duelurik izan atzo Osintxuko sarian, Aidazu-Lankide taldeko gasteiztarrak ez zuen pareko aurkaririk eduki inguruan, eta asteburuan Pobesen erdietsi garaipena berrestea lortu zuen, bigarren amaitu zuen eta Javier Ruiz de Larrinagari 46 segundoko aldea atera zion.

Egia esan, zortea ere lagun izan zuen txirrindulari gasteiztarrak, bigarren itzulitik aurrera bakarrik alde egin baitzuen, Ruiz de Larrinagak gurpila zulatu ondoren. Une hartatik aurrera, Zuiakoak bereak eta bi egin zituen Yus atzeman eta Pobesen lortu ezin izan zuen garaipena eskuratzeko. Alabaina, bapo eutsi zion Yusek eta in0lako arazorik gabe lortu zuen helmugan beso biak jasotzea.

«Txakurra eta katua»

Logikoa den legez, pozarren zegoen Unai Yus helmugan. Bere burua «ongi» ikusteaz gain, nolabait «sorpresa» hartu zuela aitortu zuen lasterketa buruan bakarrik egon zenean, ez baitzion igarri Ruiz de Larrinagak zulaturik izan zuenik.

«Gustura nago, nola ez! Egia, bestalde, zortea ere nire alde egon dela. Bigarren itzulian Javierrek ¯Ruiz de Larrinagak¯ gurpila zulatu du, antza, eta bakarrik ikusi dut neure burua. Ordutik aurrera, 20-30 bat segundoren aldea nuela ikusita, `txakurra eta katuaren' moduan egin dugu lasterketa guztia: bera nigana hurbiltzen ari zela igartzen nionean, erritmoa bizagotzen nuen aldea handitzeko. Horrela izan da amaiera arte».

«Asteartean ikuskatzera etorrita beldurtu nintzen nahiko zikin zegoelako, harriz josita batik bat, baina antolakuntzak lan aparta egin du», esan zuen gasteiztarrak zirkuitoari buruz.

Euskadiko «challenge»aren hirugarren hitzordua igandean izango da, Karrantzan. Urtebeteren ondoren, David Secok debuta egingo du igandean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo