Oscar Terol eta Lars von Trier, Ados taldearen kokteleko osagai berriak
Lars Von Trier zinemagileak ezuste txikia eragin zuen bere zaletuengan «Direktøren for det hele» (2006) lana errodatu zuenean. Danimarkako umore beltz eta garratzarekin hornitutako lan hori hartu eta «bere ikutu propioa» duen koktela osatu du Garbi Losadak. Emaitza, agertokietan.
A.E. | DONOSTIA
Azken garai hauetan telebistari esker -batez ere ETBko «Vaya Semanita» programari esker- arras ezaguna egin zaigun Oscar Terol aktore eta egilea agertokietara itzuliko da Ados konpainiaren azken lanarekin. Proposamena ez da edonolakoa, Terolez aparte Elena Irureta bezalako pisuzko antzezleak eta kolaborazio berezi batzuk ere bildu baititu proiektu honetan antzerki talde gipuzkoarrak, adibidez Santiago Sueiras ekoizle eta zuzendaria. «Koktelaren» osagai nagusia, dena den, antzezlana bera da eta, zalantzarik gabe, zinematik antzokietara eramango den Lars Von Trier-en komediak badu mamia.
Max saria irabazteaz gain, gure antzerkiko lan ospetsuenetakoak ere egin ditu bere ibilbidean Ados konpainiak, adibidez «Las mujeres de verdad tienen curvas» edo «El vendedor de tiempo». Orain arteko ibilbidean, Adosek beti egin du gure garaiko errealitatearekin lotutako gaiak jorratzeko ahalegina. Era berean, umorea gustuko dute; izan ere, serio jarduteko tresna egokiena dela uste dute. Oraingoan aukeratu duten testuan bi osagai horiek daude, enredu komedia dibertigarri honetan boterea eta egungo lantoki askotan ohikoa den begirune faltsua bezalako gaiak jorratzen baitira.
Raul (Koldo Losada) teknologia enpresa bateko jabea da, baina bertako inork ez daki. Gainontzekoentzat langile xumea da, goxoa, lagun bat. Erabaki bortitzak hartzea gogoko ez zuenez, enpresa buru faltsu bat asmatu zuen. Baina egun batean, enpresa saltzear dagoenean, «buru» horren beharrean aurkituko da. Horrenbestez, langabezian dagoen aktore bat, Kristobal (Oscar Terol), kontratatzen du jabearen papera bete dezan. Hortik aurrera sortzen diren une surrealistek gatz eta piperra ematen diote «El jefe de todo esto» komediari. Pertsonai bitxiak aurkituko ditugu lanean: Kristobalen emazte ohia den erosleen abokatua (Elena Irureta); Iago, etorkina, Raul dirudun bihurtu duen programa informatikoaren benetako egilea (Carlos Nguema)... Aurrestreinaldia, Errenterian izango da -bertan burutzen ari dira azken entseguak- eta, estreinaldia, Santurtziko Antzerki Jaialdian.
Izena: «El jefe de todo esto».
Bertsioa eta zuzendaritza: Garbi Losada, Lars Von Trier-en filmaren moldaketa.
Aktoreak: Josean Bengoetxea, Carlos Nguema, Santiago Sueiras, Oscar Terol, Elena Irureta, Koldo Losada eta
Mila Espiga.
Hizkuntza: Gaztelania.
Aurrestreinaldia: Igandea 4, Errenteria Hiria Kulturgunea (Errenteria), 20.00etan.
Estreinaldia: Ostirala 9, Serantes Kultur Aretoa (Santurtzi), 20.30ean.