GARA > Idatzia > Euskal Herria

«PSOEk PP baino gogorragoa izan daitekeela erakutsi nahi du»

Batasunak gogor salatu du pasa den asteartean Donostiako zazpi gazteren atxiloketa eta hainbat etxeren eta taberna baten miaketa eragin zituen polizia operazioa. Alderdi independentistak PSOEri leporatu dio sarekadaren ardura. Bitartean, Donostiako zazpi gazteak Madrilgo komisaldegian jarraitzen dute, inkomunikaturik.

p018_f01_199x100.jpg

GARA |

Pasa den astearteko goizaldean Grande Marlaska epailearen aginduz Donostian atxilotutako zazpi gazteak polizien esku jarraitzen dute, Madrilen. Atxilotu zituzten unetik ezarri zitzaien inkomunikazio egoeran jarraitzen dute eta Poliziak ez du jakitera eman noiz eramango dituzten epailearen aurrera.

Bitartean, Donostiako sarekada salatzeko eta atxilotutakoei elkartasuna agertzeko adierazpen ugari izaten ari dira. Atzo, esate baterako, Batasunak zazpi gazteen atxiloketa salatu eta PSOE gogor kritikatu zuen prentsa ohar batean. «PSOEk PP baino gogorragoa izan daitekeela erakutsi nahi du», salatu zuen Batasunak.

Donostiako polizia operazioak PSOEk Euskal Herriari «enfrentamendua» eskaintzen diola erakusten du Batasunaren ustez. «Hauteskundeetan PPk atal errepresiboaren gainean egin diezaiokeen presioa indargabetu nahi du PSOEk eta Euskal Herrian PP bera baino bortitzagoa izan daitekeela frogatu nahi du», esan du Batasunak.

Errepresioaren bidetik «oker dabil PSOE» erakunde independentistak dioenez. «Egungo marko ukatzaileak ez ditu herri honen eskubide nazionalak ez aitortzen ezta errespetatzen ere. Horregatik, marko aldaketa derrigorrezkoa dela gaineratu du Batasunak.

Batasunak gogor salatu du PSOEk «herri eskubideen alde lanean eta borrokan gogor ari den ezker abertzalea jipoitzeko erabakia hartu duen bitartean, EAJ eta NaBai-ri egungo markoa mantentzearen truke gestio ahalmena eskaintzen» diela.

Egoera horren aurrean, ezker abertzaleak, aldiz, markoaren aldaketaren alde eginiko proposamenari eutsiko diola adierazi du Batasunak, «marko demokratikorako proposamena, non proiektu politiko guztiak berdintasun egoeran izango diren, independentzia barne».

Egoi Alberdi, Mikel Arretxe, Ekaitz de Ibero, Peio Lamarka, Julen Garmendia, Unai Perez eta Jon Sardon gazteak Gipuzkoako hiriburuko zazpi auzo desberdinetan atxilotu zituen Espainiako Poliziak astearteko goizaldean, eta Madrilera eraman zituzten berehala.

Atxiloketak kale erasoen aurkako operazio gisa aurkeztu dituzte Estatu espainoleko hedabideetan, baina, orain artean, polizia operazioa justifikatzeko Barne Ministerioak erakutsi duen bakarra bereizmen handirik gabeko argazki solte batzuk izan dira. Eta Poliziak eginiko miaketetan antzemandako materialak ere ez du asko laguntzen operazioaren nondik norakoak ulertzeko. Izan ere, erabat publikoak diren propaganda euskarriak baino ez ditu eraman gazteen etxeetatik, hala nola AHTren kontrako panfletoak edota Segiren DVDak.

Zazpi gazte donostiarrei inkomunikazioa ezarri zieten. Egoera horretan torturatzeko arriskua dagoela iritzita, beraien abokatuek Baltasar Garzon epaileak Euskal Herriko azken atxilotuei ezarritako protokoloa ezartzeko eskatu zuten. Atxiloketak agindu zituen epaileak, aldiz, ez du protokoloa onartu. Grande Marlaskak erantzun duenez, «Zuzenbide Estatuak nahiko mekanismo» ditu atxilotuen eskubideak bermatzeko.

Horrenbestez, gazteek Madrilgo Informazio Komisaldegi Nagusian jarraitzen dute, «terrorismoaren» aurkako legeak baimentzen duen atxiloketa epearen luzapenari esker. Poliziak ez du argitu noiz eramango dituzten epailearen aurrera.

Bien bitartean, protestek ez dute etenik, atzo Donostiako Urbieta kalean bidea moztu egin zuten, lau zaborrontzi gurutzatuta eta pankarta bat eskegiz.

argazkiak

Espainiako Barne Ministerioak atxilotuak ustez liskarretan parte hartzen ikus daitezkeen bereizmen handirik gabeko argazki batzuk sartu ditu bere webgunean Donostian eginiko sarekada justifikatu nahian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo