Peio serbielleren disko berria
«Nire hurbileko lagunak bilduz, nire lurrari buruz mintzo naiz»
Eneritz ZABALETA
Disko hau, «Naiz», «Zara» eta «Gara» hirukoaren lehenengo lana da. Nola abiatu zenuen trilogia horren asmoa?
Ideia hori duela hamar urte inguru sortu zen. Bretainian Sony etxeak zelten herentziaren inguruko bost diskoko bilduma argitaratu zuen. Dan Ar Braz artistaren inguruan osatu zen lana. Berak hainbat artista zeltiar bildu zituen, musika zeltiarraren bertsioak egiteko asmoarekin. Sekulako arrakasta izan zuen argitaratutako bildumak. Ekimena ikusirik, Sony disketxeak proposatu zidan horrelako ekimen bat bultzatzea Euskal Herrian.
Trilogia horrela abiatu zen. Artista batzuekin kontaktuak hartu nituen. Ideia orokorra zen kantutegi berria eta tradizionala erabiltzea. Azken kantu horiei, artista originalekin elkarlanean arreglo berriak eman nahi genizkien. Tartean, espetxera sartu ninduten. Geroztik, lana xumeagoa bilakatu da, epaileen kontrola dela eta.
¿Disko hau bilgune bat da. Artisten arteko topaketa gunea, ezta?
Hori da ideiaren funtsa. Hasierako ideia, etxe bat alokatzea zen, bertan behar den denbora harturik, artista guztiak elkartu, eta hiru diskoetarako kantuak osatzen joateko. Baina, diskoaren kostua dela eta, eta nire espetxealdiaren ondotik diruz laguntzeko prest ziren hainbat partaideren ezezkoaren ondotik, lan xumeagoa egin dut.
Horrek ez du kentzen nire hurbileko artistekin elkarlana bultzatu nahi izan dudala. Erraterako, Renaud kantariak diskoan parte hartzen du. Ez nuen sekula harekin lan egin, baina bien arteko elkarlana naturalki egin da, telebista saio batean ezagutu bainuen. Preso nintzelarik ere anitz sostengatu ninduen. Plazerez lan egin dut berarekin.
Diskoa, manera batez, artisau lana da. Etxean eginikoa, ezta?
Egia da. Disko hau nire lagun anitzei esker egin dugu. Lagunek Parisetik prestatu didate materiala. Nire etxean bertan grabatu ditugu hainbat lan. Musikariak etxera gonbidatu ditut, eta ganberetan grabatu dugu. Ahots batzuk Baionan ere grabatu ditugu. Masterizazioa Parisen bukatu dugu lagunen laguntzari esker. Argazkiei dagokionez, laguntza atzeman dugu; Pays Basque Magazine aldizkarikoek argazkiak eman dizkidate. SACEM etxeak ere diruz lagundu nau.
Zendako «Naiz», «Zara» eta «Gara» ?
Antonio Machadoren esaldi batek horrela dio: «Unibertsala izan nahi baduzu, zure herriaz mintza zaidazu». Gure buruaz, bizi garen lurraz mintzatzeko gai ez bagara, ezin gara besteetaz mintzatu. «Naiz» diskoa, Euskal Herriaz, nire lurraz lehen pertsonan mintzatzeko aukera zen. Anitz eman dit lur honek. Disko honen bidez, Euskal Herrikoa naiz, lur honetakoa naiz erran ahal izan dut. Ni nonbait sortu nintzen, eta horregatik beragatik beste nonbait sortu direnak uler ditzaket.
«Zara» diskoan, nire lehen lanean lan egin duten artistei eskatu diet opari bat egin dezaten. Kantu bat idatziko dute artista hauek, hala nola Philippe de Ezcurrak, Xaramela abesbatzak, Nelly Etchevestek... Elkarlan horrekin haien jatorria ezagutu nahi dut. Haiek direna ikusi nahi dut.
Hiruko hau, esaldi honekin laburbildu daiteke: ni naizena naizelako, eta zu zarena zarelako, gu denak gara mundua. Mundua bakoitzaren nortasunekin josten da. Nortasunak garrantzitsuak dira. Haien bidez lortzen da unibertsaltasuna. Nortasun guzti horiek uztartuz lortzen da mundua. Nahasketa hori da nik sinesten dudan unibertsalatasuna.
Zure lurra, zure nortasuna erakutsi nahi duzu diskoan. Hala ere, hainbat elkarlan daude bertan. Hizkuntza desberdinak nahasten dira. Zure gogoa zen zure lurraz mintzatzea dibertsitate horretan murgildurik?
Ni betidanik ibili naiz kanpoko musikariekin. Adibidez, diskoko pianista Kamerunekoa da, Patrick Bebey. Youssou N´Dour kantariarekin ibili da. Claude Py gitarrista, hainbat artistekin ibili da ere. Niretzako, musika, bazkari bat da. Nik, nire musika edo bazkariaren mamia ekartzen dut. Kanpoko musikariek, berriz, mami hori aberasten dute. Horiek, bakoitzak bere ukituarekin eta nire mamia errespetatuz, nire lana aberasten dute. Nire artea beti horrelakoa izan da, eta anitz baloratzen dut elkarlan mota hori.
Musikalki, elkarlan horrez gain, musika akustikoagoa egin nahi izan duzu. Zergatik?
Egia da nire disko hau akustikoagoa dela. Orain arte, estudio oso ospetsuetan ibilia nintzen lanean. Horietatik ateratzen zen soinua biziki landua zen. Agian, nerekin ziren artistak gutxiago nabaritzen ziren. Kartzelatik atera eta gero, niregandik hurbil ziren lagunekin lan egin nahi nuen. Hurbiltasuna behar nuen, laguntasuna. Bebey, de Ezcurra eta besteek nire lana ezagutzen dute, badakite nora joan nahi dudan. Horrek denak soinu biziago bat ekartzen du, naturatik hurbilagoa.
Kantuen hitzak zuk idatzitakoak al dira?
Gehienak nik idatzi ditut. Babel kantua da salbuespena. Euskarazko partea, kartzelan ezagutu nuen Andoni Zelaia nire adiskideak idatzi du. Kantu horretan, Babeleko torrearen sinboloa itzulikatu nahi izan dut. Torrea eraiki zuten jendeek mintzaira bakarra zuten torrea eraikitzeko. Eta jainkoak, torreaz jelos, jende hoieri, zigortzeko asmoz edo, mintzaira desberdinak eman balizkie bezala idurikatzen dut. Mitoa itzulikatzen dut. Gero, bigarren kantua, Etxahun Iruriren testu bat da. Ardiak mendira eramateari buruzko artzainen lan aldi horri buruz mintzo da.
Zer transmititu nahi izan duzu zure testuetan?
Diskoa bi zatitan banatzen da. Lehen zatia faltsuki alaia da. Nahiko arina da. Gero, «Gure Aita» kantutik aitzina ilunagoa bilakatzen da. Presondegian nintzelarik idatzitako testuak atzematen ahal dira. Batik bat, kartzelan idatzi nuen «otoitza» kantua dago. Bertan, kartzelatik bidalitako mezuak idatzi nituen. Diskoan eman ditut, jendeak entzun dezan kartzelan egotea zer den. Pertsona bat kartzelan sartzean, haren familia ere sartzen da barnera. Ni, giza mailara mugatzen naiz, eta onartezina iruditzen zait Frantziako eta Espainiako estatuen jokabidea. Salbuespen epaitegien bidez, pertsona eta haren familia ezartzen dituzte preso. «Otoitza» diskoan ez dago hitzik, oihuak daude. Preso dauden beste guztientzat ere idatzi dut. Ahots bat da. Grabatzea anitz kostatu zait, baina diskoan dago azkenean.
Kartzelan pasa duzun egonaldi horrek nola aldatu zaitu? Nola aldatu du zure «ni» artistikoa?
Inor ez da osorik ateratzen presondegitik. Horrelako bizipen bat ez da dohainik ateratzen. Anitz sufritu dut preso nintzelarik musikarik egin ezin nuelako. Angoûleme-ko presondegian nintzelarik, zenbat borroka egin behar izan dut musika egin ahal izateko! Hainbat gatazkaren ondotik, musika egin ahal izan dut; astean 3 orenez lehenik, eta, gero, 10 orenez. Diskoan pasarte hori ere nabaritzen da.
Hala ere, nik betidanik gauza ezberdinak egin nahi izan ditut. Kartzelak markatu nau. Diskoak zapore hori du, batzuetan arintasun bat, besteetan iluntasun bat. Seguru nago disko honetarako lehen egin nuenarekin alderatuta, gauza ezberdin bat eginen nukeela. Orain, ezingo nuke erran diskoak daukan kolorea, zaporea, nolakoa izanen litzateken presondegian egon izan ez banintz.
Orain, aitzina egiteko gogoz nago. «Zara» diskorako ideia pila daukat buruan. Beste kolaborazio batzuk egiteko asmoak ditut. Gauzak ontzeko asmoa dut, eta beti nire mamia atxikiz, aitzina egin nahi dut.
Peio Serbielle abeslari zuberotarraren «Naiz» azken diskoa, www.gara.net webgunean izanen da salgai datorren astetik aitzina. Serbiellek musikaren merkatuko ohiko banaketa sareari alternatiba atzeman nahi izan dio bere kantagintzako ibilbidearen seigarren disko honetarako; horrenbestez, diskoaren salmenta GARAren denda digitalaren bidez eginen du Euskal Herrian.
Hainbat urtetan, musikaren munduko multnazionalekin lan egin ondoren, bestelako banaketa bat atzeman nahi izan du kantari zuberotarrak, haren azken lanarentzako. «1992an Universal etxearekin kontratua izenpetu nuen. Gero Sonyra pasa nintzen. Urte horietan, anitz ikasi dut eta musika jaialdi handietan kantatzeko parada izan dut. Estudio handietan lan egin dut, eta artista ezagunekin lan egin duten musikariak ezagutzeko aukera eskaini dit», azaldu du Serbiellek. Azken disko honetarako, baina, multinazionalen eredutik aldendu nahi izan du zuberotarrak. «Azken urteetan aldaketa handiak gertatu dira musikaren merkatuan. Mundu mailan geroz eta fusio gehiago daude enpresen artean. Musikarena geroz eta mundu kontzentratuagoa bilakatzen ari da. Mundializazioaren hobebeharrei ihardetsi behar diete enpresa horiek. Gestioa daukate bakarrik buruan. Ohartu naiz enpresa erraldoi hauek ez dakitela musika saltzen. Ez dute musikaren gaineko interesa, dirua bilatzen dute nagusiki», esan du.
Ondorioz, «Naiz» haren azken lana, bestelako moduan ekoitzi eta banatu nahi du Serbiellek: «HK Records labela sortu genuen lagun batzuekin. Banaketarako, salguneetatik urrundu nahi genuen. Banaketa sare hurbil eta desberdinak atzeman nahi ditugu. Horregatik, Internet munduko begi berria erabiliko dut. Milan taldeko aldizkariekin, hala nola Pyrenees Magazine edo Pays Basque Magazine aldizkariekin, www.cotebasque.net edo www.tamazgha.net guneak erabiliko ditut. Bistan da, nire webgunean ere (www.peio-serbielle.com) atzeman ahalko dela. Nire kontzertuen berri ere emanen dut bertan. Asia, eta gainerako mundura iristeko ere, myspace sarea erabiliko dut. www.myspace.com/peioserbielle leihotik nire munduaren leiho txikia eskuragarri izatea espero dut».
Euskal Herriari dagokionez, GARAren denda birtuala erabiltzea hautatu du Serbiellek: «GARA egunkari polita da. Beste lekuetan erran ezin diren iritziak, mezuak irakurtzen ahal dira bertan. Nik iritzien dibertsitatean sinesten dut. Hori da niretzako demokrazia. GARAk ahots guztien oihartzuna izatea ahalbideratzen du. Horregatik lan egin nahi nuen haiekin». GARAk, Peio Serbielleren azken lanaren banaketa segurtatuko du Euskal Herrian. Horretarako, www.gara.net webgunean, denda atalera sartzerik besterik ez da izango. Internet bidezko salmentaz gain, abenduaren 6tik aitzina Durangoko euskal liburu eta disko azokan atzematen ahalko da Serbielleren azken lana. GARAren mahaian egonen da salgai diska, GARAen beste hainbat produkturekin. E. Z.