GARA > Idatzia > Kultura

EH Sona euskal doinuen jaialdiak hamar urte bete ditu aurten Kataluniaren bihotzean

Azaroaren 2an abian jarritako jaialdiak euskal musika Bartzelonan zehar barreiatuko du abenduaren 1a bitartean. Ez dira faltako dantza eta txalaparta ikastaroak, kantu tailerra eta afaria, triki-poteoa eta beste.

Anartz BILBAO | BILBO

Munduan zehar barreiatuta dauden Euskal Etxeen artean kementsuenetakoa omen da Bartzelonakoa. Besteak beste, bertan antolatzen da egunotan ospatzen ari den EH Sona jaialdia. Aurtengoa hamargarren edizioa da eta jakin-minez Aitor Arana Euskal Etxeko lehendakari zarauztarrarengana jo du GARAk.

Jaialdiari dagokionez, «orain hamar urte Euskal Herriarekin lotura zeukan «Debat a Bat» aldizkariak sortu zuen, folk jaialdi bezala. Aldizkaria desegin zenean Euskal Etxeak jarraipena ematea eta esparru musikal tradizionaletik zabaltzea erabaki zuen. Egun, kontzertuez gain, tailerrak, triki-poteoa, kantu afaria... antolatzen ditugu».

Duela hiruzpalau urte Euskal Etxeak zuen egitasmo garrantzitsuenetarikoa zen EH Sona; martxo aldera hasten ziren prestatzen, uztailerako dena prest eta itxita egon zedin. «Egun, egitasmo garrantzitsu gehiago dauzkagu. Musika jaialdia ez ezik, literatur jaialdia egiten dugu, baita zinema jaialdia ere. Bestalde, Merceko festetan parte hartzen dugu eta, tokatzen denean, Korrika ere antolatzen dugu Bartzelonan. Hori dela eta, indarrak orekatu behar izan ditugu antolaketa lanetan», azaldu du Aitorrek.

Jaialdiaren egitura finkatu samar daukate dagoeneko: «Hirulau hilabetetan Euskal Etxeko langileak buru belarri aritzen dira antolaketa lanetan, baita inguruan gabiltzan beste hamar-hamabost lagun ere». EH Sonaren ideia, «publiko murritza dutelako edota beste arrazoi batzuk medio Bartzelonara iristeko zailtasunak dituzten taldeei tokia egitea da». Antzeko aurrekontua izaten dute urtero eta Euskal Etxeak ez ezik Eusko Jaurlaritzak ere jartzen du dirua.

Euskara ahoan

Jaialdian parte hartzeko «beharrezkoa da euskaraz abestea, ez da nahikoa Euskal Herrikoa izatea». Publikoari dagokionean, «ikus-entzule katalanei eskainitako jaialdia da. Bere kabuz etorri ezingo luketen euskal taldeei bidea erraztu nahi diegu eta katalanei gure kulturaren baitako hainbat proposamen erakutsi nahi dizkiegu. Noski, euskaldun asko ere etortzen dira».

Azaroaren 2an Lantz folk taldeak Plaça del Rein eman zuen kontzertuarekin hasi zen aurtengo EH Sona. Jarraian, batetik bestera ibiliko da. Aitorren esanetan, «triki-poteo eguna fama handia hartzen ari da eta euskaldun zein katalan ugari hurbiltzen da bertara; oso ondo pasatzen dugu eta anaikidetza sortzen da».

Azkenaldian jaialdia antzera mantendu den arren, urte berezia dute honakoa, hamargarrena baita. «Aurten gauza garrantzitsua lortu dugu: EH Sona lehen aldiz Bartzelona hiriburutik ateratzea. Aspalditik genbiltzan pausu hori eman nahian, baina zaila egiten zitzaigun probintzian kontaktuak egitea. Aurten lortu dugu».

Bukatzeko, balorazioa eskatu diogu Aitorri. «Oso gustura gaude, baina laster proiektuari pare bat buelta eman eta zein beste apustu egin dezakegun pentsatu beharko da», erantzun digu.

EUSKAL ETXEA

Gure kultur eta musika aniztasuna Kataluniako herriari erakusteko asmoz, Bartzelonako Euskal Etxeak bere gain hartu zuen EH Sona jaialdia antolatzeko eta bideratzeko ardura.

HAMARGARRENEZ

Antolatzaileek beraiek aurreratu dutenez, egonkortu eta garrantzitsu bihurtu den jaialdiak aurki beste apustu batzuk egiteko aukera aztertu beharko ditu.

Fitxa

Azaroak 9: Joseba Irazoki.

Azaroak 10: Dantza tailerra Aiko taldearekin.

Azaroak 16: Jabier Muguruza.

Azaroak 17: Triki-poteoa eta erromeria Trikiziorekin.

Azaroak 23: Euskal gaua.

Azaroak 24: Kantu tailerra eta kantu afaria Euskal Etxean.

Azaroak 30: Pantxoa eta Peio.

Abenduak 1: Txalaparta tailerra.

Parte hartzera bultzatzen duen egitarau oparoa dakar azaroak bartzelonan

Jaialdi egonkortua eta garratzitsua dugu EH Sona, Euskal Herriaren musika aniztasunaren isla eta Bartzelonako ikus-entzule batek baino gehiagok irrikaz jarraitzen duena.

Hasiera Plaça del Rein egin ohi dute, jendez lepo egoten den plazan. Hurrengo ekitaldia, datorren ostiralean, azaroaren 9an, egingo dute Convent de Sant Agusti gizarte etxean. Bertan izango da Joseba Irazoki Berako gitarra jotzaile fina. Jabier Muguruzaren txanda izango da gero. Irundarra «Konplizeak» diskoa aurkezten ari da eta L´Auditorin joko du azaroaren 16an. Trikiziorena izango da EH Sonak hiriburutik kanpo ospatuko duen lehen zuzenekoa; azaroaren 16an Sant Pere de Ribes herrian joko du eta, biharamunean, hiriburuko La Torna ateneoan.

Folka beti presente dagoen bezala, Ipar Euskal Herriko taldeek ere izan ohi dute beren txokoa. Horrela, Pantxoa eta Peiok itxiko dute jaialdia, azaroaren 30ean, Casa Elizalde gizarte etxean. Baina hartzailea emaile bihur dadin, txalaparta eta dantza tailerrak, kantu afaria eta triki-poteoa ere badira gozagai.

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo