20 egunez hainbat artisten ezagutzeko parada Baionako bigarren topaketa berezietan
Gaur hasi eta 20 egunez Baionako Les lézards qui bougent antzerki taldeak topaketa berezien bigarren edizioa antolatuko du. Bertan, antzerkiaz, grafitiaz, kantuaz, argazkiaz eta zineaz gozatzen ahalko da.
Eneritz ZABALETA | BAIONA
Gaur hasiko da Baionako Topaketa Berezien jaialdiaren bigarren edizioa. Lez lézards qui bougent antzerki taldeak, bigarrenez antolatu du jaialdi hau, ahal bezain beste lagunengana iristeko xedearekin.
Eremu guztietako artisten lanak ikusi ahal izanen dira 20 egunez Baionan. Jaialdiaren funtsa, ikusle eta artisten arteko harremanak sendotzea da; «posible den guztietan, artisten eta ikusleen arteko topaketa eta eztabaidak antolatzen ditugu. Partekatze hori biziki garrantzitsua iruditzen zaigu», esan du Kristian Fredric, Les lézards qui bougent antzerki taldeko zuzendari artistikoak.
Hainbat aldaketa
Aurtengo ediziorako, iazko erantzuna ikusirik (2.200 ikusle bildu ziren orotara ikusgarriak ikustera), hainbat aldaketa egin dituzte jaialdiaren antolatzaileek: «jaialdia laburtu egin dugu, 20 egunetara pasa dugu. Horrez gain, urritik azarora pasatzea erabaki dugu. Urrian hainbat jaialdi egoten denez, azaroa pizteko modua da hau» erantsi zuen Fredricek.
Jaialdiak, artisten performance ugariak baliatu nahi ditu, inguruan topaketak sortu ahal izateko: «jaialdi hau, performance jaialdi bat da. Ikusgarri mota hori da, gure ustez, ikusleen eta artisten arteko topaketarako aproposena», erantsi zuen Fredricek.
Egitarau aberatsa prestatu dute topaketen antolatzaileek 20 egun hauetarako. Denen gustuak asetzeko manera izanen da. Horrela, besteak beste, tekno musika, dokumental erakusketa, argazki erakusketa, grafiti pareta baten osaketa, musika eta kantu performancea... ikusten ahalko dira topaketetan.
Sistiagaren pintura-filmak
Jaialdian ikusten ahalko diren performanceen artean, Jose Antonio Sistiaga artista euskaldunaren lanak nabarmentzekoak dira; «berrikitan Donostiako Tabacaleran egon da, eta haren bi filma eskainiko ditugu», erran zuen Fredricek. Jaialdian, Sistiagaren «Ere erera baleibu icik subua aruaren» film luzea, eta beste hiru film labur ikusten ahalko dira. Sistiagaren lan hauek bereziki aipagarriak dira. Izan ere, pintura filmak dira. Sistiagak pelikula gainean marrazturik eginak dira. Film laburretan, berriz, beste teknika bat erabiltzen du Sistiagak, 20 cm eta 30 cm-ko kuadroetan egindako tinduak filmatzen baititu filma osatu arte. Filma guztiak azaroaren 19an ikusten ahalko dira Biarrizko Royal zineman. Sistiaga bertan egonen da ikusleekin eztabaida eta topaketan parte hartzeko.
Topaketen baitan, Baionako ``Luna Negra''n tekno musika gaua izango dute. Kanadatik etorritako hiru DJ arituko dira lan horretan. Bestalde, iaz egin zuten bezala, larunbat honetan ``Lafayette'' dendako erakusleiho barnean musika performancea eskainiko dute «Le dernier écho» ikuskizuna osatzen duten kideek. Beñat Achiaryk ere, haren bi musika inprobisazio emanen ditu azaroaren 22 eta 24an.
Azkenik, topaketen ekimen bereziena, Angelun eginen den auto barneko zine driving emanaldia izanen da. Angeluko Quintaou plazan, Quentin Tarantinoren ``Pulp Fiction'' ikusten ahalko da auto barnean: «Lekuak ez dira erreserbatuko. Sekulako iskanbila sortuko da hara sartzeko. Oso interesgarria izanen da», erran zuen Fredric-ek. Zine emanaldi hau, azaroaren 23an izango da.
Lekua: Baiona eta Biarritz Noiz: Azaroaren 10etik 30era. Antolatzailea: Les lézards qui bougent antzerki taldea. Sarreren
salmenta: Ikusgarri osoak dohainik izanen dira.