GARA > Idatzia > Kultura

Euskarara ekarri dituzte Boyneren, Süskinden eta Sepulvedaren lanak

«Pijama marradunaz jantzitako mutikoa», «Perfumea» eta «Kaio baten historia eta hegan egiten irakatsi zion katuarena». Hirurak ere sona handiko gaur egungo liburuak dira, beren jatorrizko bertsioekin ibilbide eta arrakasta oparoa lortu dutenak, eta dagoeneko euskal irakurleentzat ere eskuragai daudenak. Hurrenez hurren, Mirentxu Larrañagak, Miren Arratibelek eta Jesus Mari Mendizabal Bizargorrik euskaratuta, Alberdania argitaletxeak plazaratu berri ditu.

p054_f01_203x100.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Itzulpengintzaren aldeko apustuari tinko eusten dio Alberdania argitaletxeak, euskal literaturari «laguntza» eta «aberas- tasun» franko eskaintzen diola jabetuta. Oraingo honetan gaur egungo hiru lan ekarri ditu euskarara, oro ere aski ezagunak.

Deskribatzeko gaitza den «Pijama marradunaz jantzitako mutikoa»ren istorioa da horietako bat. John Boyne irlandarrak idatzitako eleberria da; oraingoz hamazazpi hizkuntzatara itzuli dute, eta film bat ere egin berri dute liburua ardatz hartuta.

Bederatzi urteko mutiko baten ikuspegia ageri zaigu «historia garaikideko alegia modernotzat jo daitekeen honetan», Mirentxu Larrañaga itzultzaileak atzo azaldu zuenez, historiaz eta irudimenaz baliatu baita John Boyne. Haurraren ikuskeratik, pertsona nagusien alderdi ilunak begiratzen ditu, «bere ulergaiztasun eta heldugabetasuna; hala isiltasun esanguratsua biltzen du liburuak bere orrialdeetan barrena», aurreratu zuen. Beraz, behin eleberria irakurtzen hasiz gero, irakurleak ibilaldi bati ekingo dio, eta Bruno izeneko mutikoa izango du une oro bidelagun.

1971n Irlandan sortua, John Boyne beste lau eleberriren egilea ere bada: «The Thief of Time», «The Congress of Rough Riders», «Crippen» eta «Next of Kin». Egun beste eleberri bat idazten ari da eta, horrez gain, Irlandako «Sunday Tribune» berripaperean istorio labur-laburrak idatzi ohi ditu astero.

«Misterioa baino harago»

Miren Arratibelek hartu du, bestalde, Patrick Süskinden «Perfumea» euskaratzeko ardura -jatorrizko izenburutzat «Das Parfum. Die Geschichte eines Mörders» du eleberriak-.

Jean-Baptiste Grenouille da eleberriko protagonista. Usaimen ezin bikainagoaren jabe da: edozein lurrin aditu eta ezagut dezake, baita paretaz bestalde egonda ere. Jean-Baptiste berak, aldiz, ez du inolako usainik. Bere bizitza, jaio aurretik ere, krimenak markatuta dago.

Europa osoan benetako arrakasta lortu ostean, 1985ean kaleratu zenetik berrogeita hamar bat hizkuntzetara itzuli da, nolabaiteko susperraldi berri bat iaz izan zuen, Tom Tyker zinema zuzendariak filma egin baitzuen liburua ardatz hartuta.

Finean genero beltzeko lana da, baina hiltzaile baten historia baino gehiago ere bada. «Norbaitek pentsa lezake misteriozko eleberri bat irakurtzera doala -argitu zuen Arratibelek-. Izan ere, badago hiltzaile bat, hilketa batzuk daude eta eleberriaren bigarren mailako titulua `Hiltzaile baten historia' da. Hala ere, inor nahas ez dadin, esan nahiko nuke misterioak berak baino beste hainbat alderdik hartzen dutela garrantzia lan honetan». Gizakiari lotutako hainbat egoera eta jarrera aipatu zituen arlo horretan: bakardadea, bazterketak, hipokresia...

Egileak irakurleak protagonistaren larruan sartzea zein maisuki lortzen duen ere aipatu zuen Arratibelek. «Iruditzen zait nahiko hasiera samarretik eta azken lerrora arte irakurlea protagonistarekin oso estu lotuta sentitzen dela, baita ekintzarik gaitzespengarrienetan ere».

Bestelakoa da oso Alberdaniak kaleratu hirugarren liburua, Luis Sepulveda txiletarraren «Kaio baten historia eta hegan egiten irakatsi zion katuarena».

Petroliotan zikindutako kaio bat, balkoi batera helduko da ahal bezala; bertan, Zorbas katuarekin egingo du topo. Azken horrek hitz ematen dio errun berri duen arrautzatik sortuko den kaoikumea haziko duela. Hain zuzen ere, hortxe du abiapuntua istorioak. Jesus Mari Mendizabal Bizargorri itzultzaileak laburbildu moduan, gaia kutsaduraren latza da -itsasoan, kasu honetan-. «Diferentearen estima» ere lantzen da bertan, «nolanahi ere diferentea dena nekezago onartzen dugula, kosta egiten zaigula maitatzea...».

Berez drama bat izanik ere, kontakizuna umorez zipristinduta eta «oso modu arinean eta jolastian antolatuta eta kontatuta» dagoela aipatu zuen Bizargorrik: «Gazteentzako kontakizuna da: 8 urte edo 88 izan».

Fitxa

Izenburua: «Pijama marradunaz jantzitako mutikoa».

Egilea: John Boyne.

Itzulpena: Mirentxu Larrañaga.

Orrialde kopurua: 217.

Salneurria: 14 euro.

Izenburua: «Perfumea».

Egilea: Patrick Süskind.

Itzulpena: Miren Arratibel.

Orrialde kopurua: 294.

Salneurria: 20 euro.

Izenburua: «Kaio baten historia eta hegan egiten irakatsi zion katuarena».

Egilea: Luis Sepulveda.

Itzulpena: Jesus Mari Mendizabal Bizargorri.

Orrialde kopurua: 125.

Salneurria: 13 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo