GARA > Idatzia > Ikusmira

Georgiarrak, interes zitalen erdian harrapatuak

Mikhail Sakashvili Georgiako lehendakariak, Parlamentuaren babesarekin, herrialde osoan larrialdi egoerari eustea erabaki du. Bere Gobernuaren aurkako manifestazioak etetea du helburu. Aurkariek hauteskundeak lehenbailehen deitzea, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa eta ustelkeriar eta gehiegikeria amaitzea eskatzen dute. Horietatik batzuek, gainera, monarkia berrezartzea defendatzen dute. Larrialdi egoeraren ondorioz, hedabideak itxi dituzte eta protestak gogor erreprimitu dituzte.

Sakashvilik esan duenez, Errusia dago protesten atzean. Putinen Gobernuak ukatu egin du, baina Georgiaren aurkako presioa areagotu du. Aurreko gobernua agintetik botatzeko Sakashvilik Mendebaldeko indarren babesa izan bazuen, oraingoan Errusiaren eragina mugatzeko lagun izan dituen horiek -AEBak eta NATO, batez ere- kritiko azaldu dira Gobernu georgiarraren jarrerarekin. Orain ez dute interesik han.

Sakashviliren gobernuak herritarren aurrean sinesgarritasuna galdu du. Errusiaren presioa ukaezina izan arren, une honetan mamu hori aipatzeak aitzakia dirudi. Halaber, oposizioaren jarrera argia ez bada ere, desilusioak bultzatu ditu herritarrak protestetan parte hartzera. Orain ikusteko dago desilusioa bideratzeko orduan interes boteretsuagoen ordez herritarren interesak lehentasun bihurtuko ote diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo