GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz Idazlea

Patxi Lopezen aberria

Batzuek diotenez, Euskal Herrian nazionalisten eta eznazionalisten arteko gatazka dago. Nazionalistak euskal nazionalistak dira, jakina. Besteak, berriz, eznazionalistak dira. Hauetako bat dugu Patxi Lopez, eznazionliasta izateaz gain guai samarra ere badena. Lehengo egunean Gasteizko Parlamentuan esan zuenez, bere aberria pisu batean hasi eta inon ere ez da bukatzen. Lopez bandera, nazio eta aberrien gainetik dago, oso modernoa da, ziur asko munduko hiritarra. Kezkatuta dago etxebizitza, langabezia eta antzeko arazoak direla eta, ez nortasun edo nazio aferekin. Gizon progrea, zinez!

Apolitikoak eskuindarrak direla esan ohi da, eta ikasten ari gara, hemen, eznazionalistak nazionalista espainiarrak izaten direla gehienetan. Kriptonazionalistak, nahi baduzue; ezkutatu egiten baitute, baina nazionalistak finean. Gure Lopez ez da bide horretatik ihes egiten saiatzen den lehena. Beste askok ere karikaturizatu, mespretxatu eta gaitzetsi dituzte abertzaleak, XXI. mendean nazio aferari garrantzia ematea tokiz kanpo dagoela esanaz. Esanguratsuki, eznazionalista gisa agertzen zaizkigun hauek, konstituzionalistatzat jotzen dute beren burua.

Baina, 1978ko konstituzioak ez du aberriez paso egiten. Espainiar nazioa aipatzen du hasieratik, eta esaten du zatiezina dela. Areago, espainiar armadari ematen dio batasuna bermatzeko eginbeharra. Francok hil aitzin Borboiari eman zion mandatu bera! Espainiar nazionalista da konstituzioa, hots, lege nagusi bilakatutako espainiar nazionalismoaren panfletoa.

Egunoroko jarduerek erakusten dute espainiar nazionalistak oso nazionalistak direla, nazionalista sutsu, oldarkor eta aski fanatikoak. Ikusi ditugu Ceutan eta Melillan, urriaren hamabian... Espektakulu zirraragarrietatik haratago, Euskal Herriari etorkizuna libreki erabakitzea ukatzen dion espainiar nazionalismoak zapuztu egin ditu konponketa eta bakea eskuratzeko ilusioak. Eta egin du beren espainiar nazioa eskubide, demokrazia, justizia eta beste balore guzien gainetik jartzen dutelako.

Lopezek ezkutatu nahi du, baina aberria badu, eta Francoren «una grande y libre» famatua da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo