GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lakuako Gobernuak debekatu arren, Gotzon Kortazarrek harrera jaso zuen

Javier Balzak zuzentzen duen Lakuako Barne Sailak debekatu egin zuen Gotzon Kortazar preso ohiari Gasteizen egin behar zioten ongi etorria. Hala ere, herritarrek debekua gainditzea lortu zuten eta beren berotasuna helarazi zioten Gasteizko errepresaliatu politikoari.

p016_f01_199x132.jpg

GARA |

Asteazkenean Bilboko Santutxu auzoan gertatu ez bezala, eta Ertzaintzak debekatu arren, ongi etorria egin zioten atzo Gotzon Kortazarri Gasteizen. Aurreikusitako tokian debekua ezarrita zegoela ikusirik, hiriburuko gaztetxean jaso zuen herritarren berotasuna Kortazarrek.

Orain dela bi aste atera zen kartzelatik preso politiko ohia, baina ekitaldiaren berri ematen zuten karteletan Askatasunaren logotipoa agertzen zela argudiatuz, Lakuak debekatu egin zuen ongi etorria. Hala ere, debekuak debeku, azkenean harrera beroa egin zioten Gasteizko gaztetxean ehunka lagunek.

Askatasunak Barne Sailaren eta Ertzaintzaren jokabidea salatu zituen debekuaren berri izan bezain laster. «Ibarretxeren Gobernuak bere kabuz presoen aldeko nahiz errepresioaren kontrako ekimenak debekatzen ditu», salatu zuen.

«Lakuak, era berean, bere kabuz bidaltzen ditu atestatuak Espainiako salbuespen auzitegira gero han euskal herritarrak epaitu eta espetxeratu ditzaten», gaineratu zuen. Hori dela eta, «ilegalizazio politika praktikara eramaten duena» lehendakaria dela nabarmendu zuen. «Gobernua demokratikoa bada, adierazpen askatasuna eta biltzeko eskubidea errespetatu behar ditu», gaineratu zuen.

Figeroak, krisi epileptikoa

Bestalde, Algortan, 200 pertsonek hartu zuten parte Angel Figeroaren askatasuna exijitzeko protestan. Gaixotasun larria izan arren, Langraitzetik Kordobako kartzelara eramatea erabaki zuten ostegunean. Senideek ezagutarazi dutenez, Burgoseko espetxean egin zuen lo eta beste krisi epileptiko bat izan zuen. Atzo Valdemoroko espetxetik deitu zien Figeroak senideei.

Gainera, atzo ere, presoen aldeko kontzentrazioak egin ziren lekuotan: Berriz (20), Deba (45), Lizarra (47), Lazkao (92), Elizondo (32), Zarautz (152), Andoain (40), Berriozar (45), Lezo (43), Tafalla (120), Bera (21), Zizur Nagusia (20), Zornotza (86), Eibar (65), Arbizu (35), Gasteiz (523), Donostia (320), Getaria (40), Iruñea (267), Ortuella (23), Galdakao (85), Gatika (10), Hernani (200), Elgoibar (50), Antzuola (30), Bilbo (120, Sabin Etxean), Bergara (56), Ondarroa (179), Mundaka (19) eta Ugao (36).

Ezker Abertzaleak Ertzaintzaren «beste basakeria bat» salatu du

Ezker Abertzalea talde parlamentarioak, aurreko asteetan behin baino gehiago egin bezala, Ertzaintzaren «beste basakeria bat» salatu zuen atzo. Herenegun Santutxun Iñigo Muerza errepresaliatu politikoari harrera egitekotan zirela kargatu eta bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak.

Oraingoan ere lehendakariari zuzendutako bi eskaera aurkeztuko ditu Legebiltzarrean: Gernikan izandako manifestari antifaxisten aurka Ertzaintzak eginiko kargaren ingurukoa bat, eta Santutxuko gertaeren ingurukoa bestea -biak azaroaren 7an jazo ziren-. Ezker Abertzaleak gogor gaitzetsi zuen Lakuaren eta Gobernu espainolaren arteko elkarlana. «Madrilek epaileak eta Alderdien Legea jartzen ditu, eta Lakuak, aldiz, poliziakideak», salatu zuen.

GARA

Polizia karga salatzeko elkarretaratzea Santutxun

Joan den astean, hilak 7, Bilboko Santutxu auzoan Iñigo Muerza euskal preso politikoari lehen ongi etorria egiteko asmoz elkartu ziren ehunka lagunen aurka bortizki kargatu zuen Ertzaintzak. Ondotik, bi herritar atxilotu zituen -hurrengo egunean aske utzi zituen-.

Hori dela eta, Bizkaiko amnistiaren aldeko mugimenduak elkarretaratzera deitu du gaur, Iñigo Muerza euskal preso politikoaren harrera eta ongi etorria egitea debekatu zutela eta Ertzaintzak egun horretan kargatu egin zuela salatzeko.

«Hau ez da demokrazia, adierazpen askatasuna orain» lelopean auzoako Basarrate plazan egingo dute protesta, 12.00etatik aurrera.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo