GARA > Idatzia > Hemeroteka

Josu Lartategi 2007/11/9

Haji eta Mari

Deia

Haji Kubbian mina-desaktibatzaile dabil Kurdistan sastrakatsuan. Lan gatx eta gogorra da. Lehen lana azkena ere izan liteke. Zazpi orduko lanaldia du. Egunero zazpi orduko bizialdia erlojuaren kontra.

Mari Agirre programatzaile dabil puntako teknologia-enpresa batean Gasteiz aldean. Lan eroso eta garbia da. Ondo ordaindua ere bai. Hain on eta lasaia non etxeratzeko ordua ustekabean etortzen zaion beti. Zazpi orduko lanaldia du. Erlojuak egunero eteten dio goxoaldia.

Haji Kubbian gaur paralizaturik geratu da. Klik bat aditu du. Ez dauka inor inguruan. Bost urtetan egin duen lehenbiziko hutsa. Hurrengo mugimendua eta zein mina mota den jakingo du: Saddan Hussein urte askoan Irakeko presidente izan zenak landaturiko milaka arrunt horietako bat, pertsonen kontrakoa, hiltzeko baino zauritzeko fabrikatzen zutena; edo tankeen eta blindatuen kontrakoa; edo... edo agian Valmara 69 motako fragmentaziozkoa, kirikiño itxurakoa, mila pusketako eztanda txikitzailea duena (...).

Mari Agirre etxera heldu da. Seme-alaba maitagarriak laztandu eta musukatu ditu. Senarrari musua eman dio. Afaldu bitartean alabak lanaren gainean egin dio amari galde, eta berorrek erantzun dio jolas baten antzekoa dela, Italia delako toki batetik datorkien Valmara 69 izeneko jolasa programatzea. Familiaren hizketaldia oporretara joan da gero.

Haji Kubbianek klik aditu du. Baina ez da izan klik, kri baino. Kri-kri. Zorte oneko kilker polit baten kri-kri hotsa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo