Atzekoekiko aldea handitzea dute xede Josu Uriberenek
Ligako sailkapenean azken-aurren dagoen Poli Ejido izango da arabarren aurkaria. Andaluziarrek partida bakarra irabazi dute orain arte beren zelaian
Poli Ejido-Alaves
GARA | GASTEIZ
Liga txapelketa estropezuka eta zarabandaka hasi arren, Alavesen ibilia nolabait zuzentzen ari dela dirudi. Hala, Eibarri Mendizorrotzan irabazi eta gero, atzean dituenekiko aldea handitu eta arnasa lasaiago hartzea dute xede Josu Uriberenek Poli Ejidoren aurkako neurketan. Santo Domingo zelaian arratsaldeko 17.00etatik aurrera ekingo diote lanari.
Uneotan 12 puntu eskasekin hamazazpigarren postuan daude arabarrak, baina are okerrago dabiltza andaluziarrak; azken-aurreko lekuan baitaude, zortzi puntu baino ez dituztela batu. Etxean neurketa bakarrean gailendu dira eta, ondorioz, une aproposa izan behar luke Uriberenentzat Eibarren aurka hasitako bolada on hori jarraitu, eta postu arriskutsuetatik alde egiten hasteko.
Horiek hala, Uribek berak ostiralean egindako adierazpenen arabera, «2008 lasaia bizitzeko une erabakigarrian sartzen» ari da talde babazorroa.
«Abenduaren 23a bitartean gerorako lasaitasuna eman edo kendu diezaguketen neurketak izango ditugu. Poli Ejidoren aurkakoa horietako bat da. Noski, Eibarren aurka erakutsi genuen maila eta lehiakortasuna errepikatu beharko ditugu han. Castelloren aurka bezain eskas jokatuz gero, aldiz, nekez izango dugu aukerarik».
Mila kilometro autobusez
Auskalo ze partida egingo duen talde babazorroak, baina Ejidoraino iristea bera ere, nahikoa odisea izan da gasteiztarrentzat; izan ere, autobusez bi eguneko «txangoa» burutu behar izan baitute gaurko iristeko, ia mila kilometroko bidaia egin ondoren.
Hala, ostiralean Gasteiztik atera ondoren, Madrilen hartu zuten atseden eta Real Madrilen Valdebebaseko zelaian entrenatu ahal izan ziren larunbat goizean. Larunbat arratsaldean amaitu zuten autobus bidaia, eta 20.00ak aldera iritsi ziren Ejidora.
Josu Uribek 18 jokalari eraman ditu Andaluziako lurretara: Bernardo eta Nico Ardouin atezainak; atzean jokatzeko Gaspar Galvez, Calderon, Angel Sanchez, Mateo, Pablo Casar eta Tarantino; Astudillo, Nacho Garro, Sergio Rodriguez, Mena, Toni Moral, Samuel Bayon eta Mehdi Lacen erdilariak; Raul Sanchez, Igor Martinez gaztea Gabri aurrelariekin batera. Gasteizen geratu dira Edu Alonso, David Coromina, Miguel Perez eta David Aganzo lesionatuak eta baita Wellington Paulista eta Asier Arranz ere, azken bi hauek Josu Uriberen erabakiz.
Poli Ejidon, berriz, erabateko krisian murgilduta daude. Alavesen aurka galdu eta Las Palmasek irabaziz gero, andaluziarrak bigarren mailako azken posturaino eroriko lirateke-eta.
Horretaz gain, Ejidokoek zenbait jokalari garrantzitsuren baja izango dute arabarren aurka. Hala, Athleticeko jokalari ohi Mario Bermejo, eta Pedro Vega eta Almiron min hartuta daude. Tena, berriz, ez da Alavesen aurka arituko partida bateko zigorra betetzea baitagokio. Bestetik, Toedtliren zalantza dute, lunbalgiak jota baitago, nahiz eta hobeto ei dabilen; azkenik, Luis Diazek zigorra bete du eta deialdian izango da.
Partida bera jokatu aurrean, Alavesek nahikoa odisea izan du autobusez Ejidoraino iristeko. Ostiralean atera ziren eta ia mila kilometro egin ondoren, atzo arratsaldeko 20.00ak aldera iritsi ziren gasteiztarrak.