GARA > Idatzia > Errugbia

Heineken Kopa

Biarritzek zalantzak uxatu ezinik jarraitzen du

Zuri-gorriek atzo irabazi egin zuten, baina beste behin ere ez zuten itxura onik eman, eta entseguak egiteko dituzten arazoak agerian geratu ziren

VIADANA 11 BIARRITZ 19

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Zaleek irabaztea eskatzen zioten Biarritzi atzo Europako Kopako lehen jardunaldian, eta irabazi egin zuen, baina beste behin ere, jarraitzaileen artean zalantza asko piztuta. Erasoko puntu gehigarria ere eskatzen zitzaion, atzokoa baita multzo honetako talderik ahulena, baina ez zuten lortu, entsegu bakar bat besterik, eta puntu gehigarririk, ez.

Biarritzek erasoan duen ezintasun hori da kezkarik gehien sortzen duena, jokatu dituen hiru partida horietan bakarrean besterik ez baitu garaitu, eta izan dituen norgehiagokak ez dira izan talderik indartsuenen aurkakoak. Ligan, beheko postuetan ibiliko diren bi taldeen aurka aritu da, eta Europan, berriz, multzo honetan azken postuan ibiliko denaren aurka aritu da.

Emaitza tristeak dira horiek, entsegu bakarra oso gutxi baita Biarritz bezalako talde batentzat. Zuri-gorriak irabazteko gogoz abiatu dira, baina garbi dago helburuetara gerturatu nahi badu, orain artekoa baino gehiago erakutsi beharko duela.

Alderik onena, berriz, Dimitri Yachviliren jokoa da. Iaz denboraldi kaskarra egin zuen, baina aurtengo denboraldiaren hastapenean, taldeko jokalaririk onena bihurtu da; orain arte punturik gehien berak egin ditu.

Hasiera ona

Biarritzek bazekien atzo asko zuela jokoan, entseguak egin behar zituela, eta horretara zelairatu zen. Bigarren minutuan, Yachvilik izan zuen lehen aukeran baloia barrura sartu zuen, eta 3-0 aitzineratu zituen.

Viadanako jokalariek ez zuten galtzeko ezer, eta nabari zitzaien. Lasai aritu ziren, eta lehen aukeran entsegua egin zuten. Transformazioarekin ez zuten asmatu, baina partidari buelta eman, eta, 5-3 aurretik jarri ziren. Hala ere, poz horrek gutxi iraun zien, eta euskaldunak berriro ere aitzineratu egin ziren, Yachviliren zigorrari esker.

Hortik aitzinera, jokoa moteldu egin zen, eta ostiko bidez heldu ziren puntu apurrak. Etxekoek beste jaurtiketa bat izan zuten alde, eta hori aprobetxatuz, 8-6 jarri ziren berriro ere aurretik. Bazirudien horrela amaituko zela lehen zatia, baina euskaldunek denboraldiko lehen entsegua egin zuten azken segundoan, eta euskaldunen jaurtitzaileak transformatu egin zuen. 8-13 joan ziren bi taldeak atseden hartzera.

Bigarren zatia aspergarria izan zen. Viadana ez zen erakusten zuena baino gehiago, eta Biarritz, berriz, eskatzen zaion jokotik oso hurrun ibili zen. Aurten, ordea, Yachvili sasoiko dago, eta ez zuen barkatu, hala, Europako Kopako lehen jardunaldiko garaipena segurtatu egin zuen. Hori bai, Saracens eta Glasgowren aurka puntuak batzen jarraitu nahi baldin badu, garbi dago, atzokoa hobetu egin beharko duela. Saracens eta Glasgow gaur bazkal ostean neurtuko dira Ingalaterran.

Biarritzek bigarren jardunaldia datorren larunbatean jokatuko du etxean Saracensen aurka, 15.30ean hasita. Garrantzi handiko partida izango da.

VIADANA

11

BIARRITZ

19

Jaurtiketak

Dimitri Yachviliren jokoa da denboraldi hasiera honetan Biarritzek izan duen berririk onena, aurten, berriro ere taldeko izar bihurtu da, iaz denboraldi makala egin ostean. Orain arte, bete-betean asmatzen ari da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo