GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zapateroren jokabidearen akatsak nabarmendu dituzte Iriondok, Fisasek eta Landak

«Bakea lortzeko zailtasunak». Negoziazio prozesuaren bukaeraren ondoren, gai hau izan zuten hizpide atzo hiru adituk Donostian. PSOEko Gobernuak ez duela zuzen jokatu izan zen ondorio nagusietako bat.

p025_f02.jpg

GARA |

Vicenç Fisas Bartzelonako Escola per la Pau erakundeko arduraduna da. Iñaki Iriondo, GARAko berriemaile politikoa, eta Jon Landa, Lakuako Giza Eskubideen zuzendaria. Hirurak mahai berean eserarazi zituen atzo Bidea Helburu elkarteak, «Indarkeria-eza aktiboa» izenburuz egindako jardunaldien laugarren emanaldian. Bakea lortzeko zailtasunak izan zituzten hizpide, 60 lagun ingururen aurrean.

Itxitako negoziazio prozesuari begiratu sakona emateko balio izan zuen mahai inguruak. Prozesua bera amaiturik ote dagoen ezbaian izan zen, Landak «oraindik ere horretan gaude» adierazi baitzuen. Bere hitzetan, Barajasen egindako atentatuaren ondoren prozesua lurperatzeko presa handiegia izan zuten batzuek, eta kaltegarria izan zen hori. Gainera, alderdi guztietan «lidergo falta» agertu dela ziurtatu zuen.

Konponbide ohitura eza

Fisasek hartu zuen hitza, eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok egindako okerrak nabarmendu zituen, nahiz eta irakurketa orokorrago batean alderdi guztiengan «presa handiegia» ikusi duela ere gaineratu. Emaitza onik eman ez izanaren gakoa, bere ustez, hauxe da: «Bide erdian Zapaterok atzera egin zuen, PPren zein PSOEko alderdikide batzuen presioengatik-edo. «Hasieran uretara bota zuen bere burua, baina gero igerilekutik atera egin zen», irudikatu zuen. Alderdien Legeari eutsiz gero, irtenbiderik ez dela erantsi zuen.

Iñaki Iriondok ere Estatuari egotzi zion ardura. Zehatzago «gatazkak konpontzeko kultura eza» begi-bistakoa izan dela ondorioztatu zuen GARAko kazetariak: «Garaipenaren ideia nagusitua dute erabat», nabarmendu zuen hedabideen jarrera adibide gisa aipatuz.

«tsunami»a behar

Indonesiako adibidea ekarri zuen gogora Fisasek. Elkarrizketak urte eta erdiz etenda izan ondoren, tsunamia gertatu ostean azkar heldu zen akordioa. Euskal Herrian ere «gizarte tsunami bat» eskatu zuen adituak.

HERRITAR EKIMENA

Hitzaldi honen ondoren, «Herritarren partehartzea prozesu batean» aztertu zuten beste hainbat hizlarik, tartean Gemma Zabaleta PSEko legebiltzarkideak eta Ahotsak-eko kideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo