Erdizeko harrobiaren aurkako manifestazioak 2.000 lagun bildu ditu
Festak eta aldarrikapenak bat egin zuten atzo Elizondon. Erdiz Bizirik plataformak bailaran Magnesitas Navarra enpresak ezarri nahi duen harrobiaren inguruan herri galdeketa egitearen aldeko manifestaldiak 2.000 pertsona bildu zituen. Deialdiak Gazte Egunarekin bat egin zuenez, jai giroa nagusitu zen Elizondon. Protesta moduan, manifestazio burua abereek bete zuten, enpresak meatzea Baztango abereen bazkatoki handienean ezarri nahi baitu.
Asier VELEZ DE MENDIZABAL |
Artesiagan Magnesitas Navarra (Magna) enpresak meatzea irekitzeko proiektuak eztabaida handia eragin du Baztanen. Bailarako herrietako bost alkatek gaiaren inguruan herri galdeketa egitea beharrezkotzat jo dute, eta Erdiz Bizirik plataformarekin batera sinadura bilketa hasi dute.
Atzo, Baztango Gazte Egunarekin bat eginez, erreferendumaren aldeko manifestazioa izan zen Elizondon. Gainera, bertan, abereak izan ziren nagusi, meatzea irekitzeak kalte handia eragingo liekeelako. Animaliak bazkatzeko lekurik gabe geratuko lirateke, meatzea abereen bazkaleku komunalean kokatuko litzatekeelako.
Horregatik, oposizioko kideek behiak, behorrak eta ardiak mobilizazioaren buruan kokatu zituzten, eta Elizondoko kaleetan zehar ibili ziren, manifestariak atzean zihoazela. Horretaz gain, plataformako kideek harrobiak ingurugiroari izugarrizko kaltea eragingo liokeela nabarmendu zuten.
«Harrobia kokatu nahi duten lekua gune babestua da, eta bertako animalia-espezieak asko kaltetuko lituzke. Bertatik egunero 20 kamioi igaroko lirateke, eta paisaia erabat desitxuratuko litzateke. Gainera, abereak bazkalekurik gabe geratuko lirateke, eta abeltzainek sekulako galera ekonomikoak izango lituz- kete», salatu zuen Mikel Sobrino plataformako kideak. Bailarako bizilagunak gogorarazi zuen duela hainbat urte Nafarroako Gobernuak leku berean haize errotak ipintzeko proiektua aurrera eraman nahi izan zuela, baina azkenean atzera bota zutela ingurugiroari eragingo liokeen kaltearengatik.
Bestalde, plataformak Baztango Udalak larunbatetan herri galdeketaren aldeko sinadurak biltzeko ateak itxi izana gaitzetsi du. «Ulertezina da alkateak herri kontsulta egin ahal izateko trabak jartzea», adierazi zuen.
Dagoeneko Erdiz Bizirik plataformak herri galdeketa egin ahal izateko 500 sinadura inguru bildu ditu. 200 sinadura gehiago lortuz gero, Udalak baztandarrei harrobia ezartzearen alde edo kontra dauden galdetuko die.