GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oiangun golf zelaia eraikitzearen aurka manifestazioa egingo dute gaur Ordizian

GARA|

Ordiziako Oiangu parke publikoan gol zelaia eraikitzearen aurka azaldu den elkarteak manifestaziora deitu du alkateak herri galdeketa egin dezala eskatzeko. Mobilizazioa gaur 17:00etan irtengo da Plaza Nagusitik, eta herriko kaleetan zehar ibiliko da.

Irailaren lehen hamabostaldian hasi zituzten Oiangu parke publikoan golf zelaia eraikitzeko obrak , nahiz eta Oiangu Bizirik Natur Elkarteak haren aurkako bi helegite jarri zituen, eta Arartekoak Udalak eraikitze lanak egiten dituen enpresari emandako baimena legez kanpokoa zela esan. Elkarteak salatu du «hasieran Ordiziako Udalak lurzoru mailan bakarrik eraikitzeko baimena eman zion arren, enpresak eraikina baimenik gabe egiten hastea onartu zuen».

Azkenean, Udalak obra geldiarazteko dekretua bidali zuen urriaren 30ean, baina taldeko hainbat kidek egiaztatu zuten «azaroaren 6a arte langileak eraikinean lanean aritu zirela».

Gainera, golf zelaia eraikitzearen aurka azaldu den elkarteak azaldu du Ingurumen Legearen arabera obra egiten hasi baino lehen, ingurumenean izango duten eragina aztertzen duen ikerketa egin behar dela, eta «Udalak azterketa hori egin gabe eraikitzen hasteko baimena eman zuela» gogorarazi du.

«Informazio okerra»

Era berean, taldeak adierazi du orain arte alkateak obraren inguruan herritarrei helarazi dien informazioa «okerra» izan dela. «Udalak argitaratu zuen eskuliburuan orain arte herritarrei Oianguko obraren inguruan nahiko informaziorik eskaini ez diela onartu zuen arren; berriro ere, benetako informazioa banatu beharrean, propaganda banatu du», gaitzetsi du elkarteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo