Fontso Cantera eta Bea Medrano Bizkaiko Urtxintxa Eskolako genero taldeko kideak
Aisialdian ere, egin kasu emozioei!
Emakumeen aurkako biolentziak askotariko aurpegiak erakusten dizkigu egunerokotasunean. Erasoen isla diren zenbakien hazkundeak geldiezina dirudi, baina zenbakien hoztasunaren atzean makina bat mespretxu, irain, ubeldura eta duintasunaren kontrako bestelako eraso ezkutatzen dira. Horregatik ezin dugu emakumeen kontrako biolentzia gure herrietako paisaiako beste elementu bezala onartu. Eta gauzak horrela, nola aurre egin dakioke gaitz honi? Askotarikoak izan dira jendartean arazoari irtenbideak topatzeko asmoz baliatu izan diren ikuspegiak: errepresibo edo polizialak (herriko festetan kaleko txoko guztietan polizia uholdea paratuz), jendarte kontzientziazioa (pelikulak, dokumentalak, kanpaina instituzionalak...), eta abar. Baina kasu gehienetan jendartean piztu diren eztabaidak arazo honi oso era partzialean gerturatu izan ohi dira: Ze zigor mota ezarriko diegu bortxatzaileei? Kastrazio kimikoa, bai ala ez?... Konponbideak bilatzeko orduan, emakumeen aurkako biolentzia instituzionalizatua duen jendartean aldaketa sakonak bultzatu beharrean, ondorioak era sakabanatuan aztertzen dira eta horrela, kasurik onenean adabakiak besterik ez ditugu ipiniko. Zuhaitz potoloa atzean ezkutatzen den basoa ikustea eragotzi nahian ote dabilen galdetu beharko genioke geure buruari.
Heziketaren handitasuna baliatu behar da. Guztioi dagokigu egunerokotasuneko gertakari bilakatzen ari diren erasoen aurrean erreakzionatzea. Era normalizatuan onartzeak errealitate gordinari bizkarra ematea zatekeen. Badago zer eginik. Bidegabekeriak eten daitezke arazoaren erroetara joz. Horregatik, hezitzaileok aparteko eginkizuna izan beharko genuke auzi honetan, dagokigun erantzukizunari tinko helduta. Baina guk (auzoetako hezitzaileok, begiraleok, suspertze soziokulturalean dihardugunok, gurasook...) gure «txiki- tasunetik» nondik hel diezaiokegu arazoari? Gure txikitasunean erraldoiak gara. Jendarte bidezkoago bat egituratzeko funtsezkoa den tresna boteretsua eskuartean dugulako: haur eta gaztetxoen hezkuntza prozesuetan eragiteko gaitasuna daukagu.
Aisialdiak aukera paregabeak eskaintzen dizkigu jendearen baloreetan eraginez, jendartean aldaketa sakonak bultzatzeko. Baloreen hezkuntzari buruz ari garela, ez legoke gaizki orain arte eskainitako hezkuntzaren aurrean autokritika ariketa bat egitea. Geure buruari galdetu beharko genioke ez ote garen eduki kognitiboei aparteko garrantzia ematen ari, faktore emozionalak albo batean utzita. Akaso ahaztu egiten zaigu baloreak emozionalki bizi izaten ditugunean geureak egiten ditugula eta ez balorearen esanahia ikasten dugunean? Solidarioak izango gara, solidarioak izateko sentipena bizi dugunean, ez solidario hitzaren esanahia ikasten dugunean. Beraz, has gaitezen era guztietako bidezidorrak (tabuak, beldurrak, eta egia partzialak) saihesten. Zabaltasun osoz hitz egin dezagun gaztetxoekin emakumeen kontrako biolentziei buruz eta askotariko ondorio eta isla dituen arazo bakarraren aurrean gaudela ikusarazten lagundu: Kasualitatea al da nerabezaroan nesken anorexia eta bulimia kasuak biderkatzea? Eta Joana eta Nereak elkarrenganako maitasuna publikoki erakusteko beldurragatik bikote harremana klandestinoa bihurtzea? Eta Claudiak Keparen lanpostu berdintsuan arituz soldata nabarmen baxuagoa jasotzea? Eta Axunek, bere bikotea urduritu egiten denean etengabeko irainak eta kolpe sortak pairatzea? Hauek guztiak kasualitate al dira? Kasualitatea al da biolentzia mota hauen guztien jasotzaileak emakumeak izatea?
Honen guztiaren aurrean emozioak aldarrikatu behar ditugu. Haur eta gaztetxoei astialdian harremanetarako eredu berriak eskaini behar dizkiegu. Lehiakortasunaren eta kontsumismoaren aisialdia da egun aurkezten zaien aukera erakargarriena. Publizitate oro ahaldunak, teknologia berriek, interes ekonomikoek... balore atzerakoien eta pertsonaren garapena murrizten duen aisialdi ereduaren mesederako baliatu dira Honen aurrean, emozioen kudeaketa egokia, gatazken konponbide positiboetan eta enpatian oinarritutako harreman markoa garatzen lagundu beharko genieke haur eta gaztetxoei hezitzaile garen aldetik. Bada garaia emozioei behingoz merezi duten arreta eskaintzeko! Lagundu diezaiegun gaztetxoei une oro sentitzen dutenari izena jartzen, sentipen guztiak diren moduan onartzen, geuk ere gure sentimenduei buruz beraiekin hitz eginez, emozioek eragindako jarrera bortitzen autokontrolerako tresnak erraztuz...
Izaki emozionalak gara. Guztiok dauzkagu emozioak, uneoro. Eta emozioen aurrean bi jarrera har dezakegu: Emozioak erreprimitu edota beraiei, adierazpenaren bitartez kasu egin. Urteetan mutilen adierazpen emozionala zigortua eta erreprimitua izan da (zigor fisikoak eta irainak tarteko) emozioaren adierazpena norberaren ahuleziaren adierazlea omen delako. Horregatik mutilen mundu emozionala haserrea eta amorrua adieraztera mugatu izan da, gogortasuna erakutsi behar dutelako beste ezeren gainetik. Emozioak adieraztean gure barne-barnekoa erakusten ari gara eta horrek desabantaila egoeran uzten omen gaitu bestearen aurrean. Neskengan, berriz, erruduntasunaren gisako sentimenduak indartu izan dira. Agerikoa denez, generoaren araberako hezkuntza irizpide bereizketa honek eragin zuzena izan du haur eta gazteen jokabideetan. Izan ere, ezaguna baita egoera emozional bat adierazten jakiteak norberaren ongizatearekin eta gainerako pertsonekin mantentzen dugun portaera erregulatzen laguntzen digula. Sentipenak eta emozioak ulertu eta adierazteak konfiantzazko harremanak eta gatazkak positiboki gainditzeko aukerak areagotzen laguntzen digu.
Egunero errepikatzen diren egoera bidegabe hauen aurrean ezin dugu bestaldera begiratu. Guk ez begiratuagatik, arazoa ez da desagertuko, areagotu besterik da egingo. Egoera iraultzeko daukagun gaitasunaz kontziente izatea funtsezkoa da. Guztion praktika parekideetatik abiatuta, baita aisialdian egiten dugun hezkuntza hezkidetzailetik ere, emakumeekiko bereziki bortitza den jendarte eredu hau errotik alda dezakegu.