Neguko merkatua
Taldea indartzen saiatuko dira gorri-urdinak neguan
Aurrelaria eta erdilaria dira lehentasunak Barriuso presidentearen esanetan
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Gabonak gero eta hurbilago daude eta, horrenbestez, neguko merkatuaren irekiera ere. Urtero bezala, talde gehienak sartuko dira zurrunbilo horretan, eta Eibar ez da salbuespena izango.
Jaime Barriusok atzo honakoa aitortu zuen: «aukera hori aprobetxatzeko prest gaude, beti bezala. Jokalari pare bat hel daitezke, baina ez ditugu hartzeagatik hartuko. Helburua lortzen lagunduko diguten jokalariak izan behar dira, taldeari zer edo zer emango dioten jokalariak».
Eibarren lehentasuna, presidentearen esanetan, erdilari bat eta aurrelari bat lortzea da, defentsan ondo daudela uste baitu. «Ikusi beharko dugu zer dagoen, baina kalitatezko jokalari horietako bat nahi nuke», adierazi zuen.
Gorri-urdinek ez liekete sorospen horiei lekua egin beharrik izango, bi fitxa libre baitauzkate. Eta hasiera batean 23 jokalarirekin nahikoa izango zela bazirudien ere, azken aste honetan izan den lesio-izurriak zalantzan jarri du iritzi hori, Javier Mandiolak bere deialdiak betetzeko ere arazoak izan ditu-eta.
Gainera, aurreko urteotan gertatu den bezala, Eibarrek jokalariren bati baja emateko aukera dauka beste fitxaren bat askatzeko. Aukera hau ez du baztertzen, baina hala ere, Barriusok ez du horrelakorik uste. Izan ere, bakoitzak orain arte zenbat minutu jokatu dituen kontuan hartuta - min hartutakoak alde batera utzita-, Nico Medina da alde egiteko hautagai nagusia, edo bakarra, eta presidente armaginak argi dauka Eibarren jarraituko duela. Bajen aukera hori, beraz, ia guztiz alde batera uzten du: «Inolaz ere. Jokalari ona da eta denboraldia luzea denez, jokatzeko aukera izango du eta, beraz, baita duen maila erakusteko aukera ere. Jokatzen ez duten jokalariei beti esaten diet lasai egoteko, azkenean jokatuko dutela. Eta kasu honetan gauza bera gertatuko da, are gehiago jokalari ontzat dudala kontuan hartuta».
Akordioa Mutualiarekin
Barriusok, bestetik, Eibarrek Mutualiarekin sinatutako akordioa aurkeztu zuen atzo.
Akordio horri esker, osasun laguntzaren arloan hobekuntza nabarmena izango dute gorri-urdinek, bai prebentzioari, bai diagnosiari, bai eta tratamenduei dagokienez. Mutualiak antzerako akordioak dauzka Tau Baskoniarekin, Athleticekin, Bilbao Basketekin edo Sestao Riverekin ere.
Manixek asteko azken saioa zuzenduko du gaur Ipuruan, 9.30etik aurrera. Zalantzak argitzeko balioko du saioak, entrenatzaileak hamaikakoa errepikatuko duela dirudien arren. Deialdia zabaldu ondoren, gorri-urdinak Castellora joango dira, oraingo honetan autobusez.
Eibarrek eta Herculesek datorren igandean jokatuko dute 14. jardunaldiari dagokion partida. Ipuruan jokatuko dute, bostetatik aurrera. Armaginek, bestetik, ez dute bidaia gehiago egin beharko datorren hilabetera arte, hurrengo partida ere Ipuruan jokatuko baitute.
Eibarrek Futbol Eskola bat sortuko du 1997., 1998. eta 1999. urteetan jaiotako neska eta mutilentzat. Izena emateko epea datorren ostegunean, azaroak 22, hasi eta abenduaren 17an amaituko da. Informazio gehiago eskuratzeko 943 201 831 telefonora dei daiteke.