GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herrietan asko, baina hirietan ere makina bat ONDORIO eta kalte sortuko ditu AHT-ren proiektuak

AHTren inguruko konferentzia egingo dute gaur Hernanin. Goizean goiz hasita makroproiektu horren gaineko irakurketa eta ikuspegi ezberdinak landuko dituzte Euskal Herriko, Kataluniako, Madril go eta Akitaniako hainbat eta hainbat adituk.

p018_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Herrietan bizi direnak ez ditu asko lasaitzen horrek, baina behin baino gehiagotan entzun ahal izan dugu agintarien ahotik Abiadura Handiko Trenak hirietan bizi diren herritarrei abantailak ekarriko dizkiela. Egiten diren joan-etorri gehienak hiri barnekoak izanik ere, abiadurak «on egingo» omen die hiritarrei; eta herritar ugari kaltetuak izango diren arren, aurrera.

Badira ordea, iritzi bera ez duten adituak, hau da, AHTren proiektua aurrera ateratzen bada, hiritarrek ere kalte ugari eta nabarmenak jasango dituztela uste dutenak. Iritzi horretakoa da Andeka Larrea, hiri azterketan aditua eta Garikoitz Gamarrarekin batera idatzitako «Bilbao y su doble» liburuaren egilea. Gaur Hernanin izango da AHTren inguruko konferentzian eta azpiegitura horrek hirietan izango duen eragin sozial eta urbanoaz mintzatuko da beste lau solaskiderekin batera.

«aldaketa soziala, bilbon»

Filosofo bilbotarraren iritziz, hirietan ere gisa horretako azpiegiturek eragin itzela izaten dute. Zehazki, Bizkaiko hiriburuan izango lituzkeen ondorioak aztertu ditu; bere ustez, aspaldi egin nahi zuten geltoki intermodalaren proiektuari hautsa kendu, eta berriz ere mahai gainean jartzeko aitzakia eman die AHTren proiektuak agintariei. «AHTa hartzeko geltoki bat egin behar dute eta hori baliatzen dute, Abandoko geltokia berritu, handitu eta intermodala bultzatzeko». Horrelako kontuetan maiz izaten dira hirigintza negozioak tartean, eta horiek ere nabarmendu ditu Larreak. «Inguru hori, hiriaren erdi-erdian egonik, interes handikoa da maila espekulatiboan. Proiektuan luxuzko etxebizitzak, luxuzko hotelak, merkataritza-gunea... eraikitzeko asmoa jasota dago». Azken batean, intermodalaren proiektuan jasotzen zenari begiratua emanez gero, Larrearen iritziz, «hiria salgai jartzeko eta kontsumoa sustatzen duten eremuak egiteko asmoa dago sakonean, sozialagoa den hirigintza baten alde egin beharrean».

Hiriko garraio guztia leku berean pilatuta, Bilbon joan-etorrian ibiltzen diren guztiek geltoki horretatik pasatu beharko dute. «Ezkerraldetik metroz etortzen direnak, hirira trenez iristen direnak, autobusez bidaitzen dutenak edota, eginez gero, AHTan iristen direnak, guztiak ere Abandon elkartuko lirateke», azaldu du. Nabarmendu duenez, gainera «izango dira bertatik irten ere egingo ez direnak; izan ere, iristen direnen artean kontsumoa sustatzeko prestatuta egongo da». «Ez gara ohiko tren geltoki batera iritsiko. Bertan jatetxeak, dendak... eraikiko dituzte». Horrek, nolabait azken urteotan Bilbok ezagutu duen hiri-ereduari erantzuten diola uste du, «kontsumoari eta turismoari begira dagoen horri».

Herri txikietan jendea kontzientziatuago dagoela uste du Larreak, «bisualki eta paisaian izango duen inpaktua agian handiagoa izango delako». Dena dela, trenak Bilbon eragin sozial itzela izango duela aurreikusten du. «Egun Plaza Zirkularra jendez gainezka egoten da, bada pentsa geltoki horretara iristen den jende guztiak bertatik igaro beharra badu; dagoeneko arazoak badituen inguru bat masifikatuko da». Eguneroko bizimoduan ere eragina izango duela dio: «Bilbo oraindik tamaina txiki-ertaineko hiria da, eta lasaiagoa den bizimodu hiritarra aldarrika daiteke, beste hiri batzuetan ez bezala. Baina hirian gero eta jende gehiago sartzeak eta hirigunean etxebizitza gehiago eraikitzeak nolabait bizitzeko moduaren abiadura azkartuko du, eta horretatik urruntzea oso zaila da». Gainera, Bilboko bizilagun askori ez diola inolako onurarik ekarriko gaineratu du «hiriburuak elkartuko dituen luxuzko azpiegitura baita».

Ideia hauek guztiak eta beste asko (mugikortasun politikak, herritarren parte-hartzea...) landuko dituzte gaur Hernanin egingo dituzten hitzaldietan. Goizeko hamarretan hasiko dira AHT Gelditu! plataformak antolatutako hitzaldiak. Sandiusterri aretoan eta Biteri kultur etxean egingo dira, arratsaldeko 19.00ak arte. Ordu horretan ondorio nagusiak atera eta amaiera emango diete, AHTari buruzko hausnarketa orokorra eta hari lotutako eztabaidagai askoren irakurketa egitea helburu duten hitzaldiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo