Hurrengo asteak erabakigarriak dira baztandarrentzat; Erdiz babestea edo harrobiari atea irekitzea dira jokoan
Urriko Batzar Nagusia bertan behera gelditu eta gero, Udalak hilabete honetan gaia jorratzeko deia egingo du. Alkatetza duen NaBai-k beste proposamen bat agertu du, eta orduan bozkatzea espero du. Erreferendumaren aukera ere egongo da mahai gainean.
GARA |
Hurrengo asteetan Baztango Udalak Batzar Nagusia deituko du Erdizi buruzko gaia jorratzeko. Bilkura horretan, Udal Gobernuak (NaBai) «Informazio, eztabaida eta galdeketa plana» aurkeztuko du, egun berean eztabaidatu eta bozkatzea proposatuz. Erreferenduma egoki ikusten ez duen plan honek bost fase ditu: Lehenbizikoa NaBai-k aurkeztutako plana Batzar Nagusiak onartzea izanen litzateke. Gero gaiaren inguruko jarrerei buruz informazioa zabaltzeko unea litzateke, ondoren, bailarako lau koartel historikoetan eztabaidatu eta erabakiak hartzeko. Udalak kontratatutako kontsultora batek moderatuko lituzke bilerak.
Baztangoiza, Elizondo, Herberea eta Basaburua koarteletan bilera bana egitea proposatu du NaBai-k, eta berezkoak dituen egiturak erabiltzea goraipatu. Horietatik ateratakoari buruzko informazioaren zabaltzea etorriko litzateke on- dotik. Jarrera ezberdinak zehaztuta, horietako bat aukeratzeko bozketa eginen litzateke herri bakoitzean. Zinpeko hamabost alkateek Batzar Nagusian aurkeztu beharko lukete hartutako jarrera, eta emaitza bere egingo luke Batzarrak.
Gisa honetan hainbat alkatek eta Baztango sektore zabal batek aldarrikatutako erreferenduma alde batera uzten du Udalak. Virginia Aleman alkatesa buru duen taldeak azaldu zuenez, beharrezkoak diren 650 sinadurak biltzea posible den arren, Madrilek baimena eman beharko luke galdeketa egiteko, eta hori zail ikusten omen du. Luze joko lukeela ere argudiatu du Nabai-k.
Erreferendumaren aurrean, Gobernu taldeak mahaigaineratu duen egitasmoak 2006. urtean Nafarroan onartutako lege baten babesa duela ziurtatu du, eta beste bidea baino gauzagarriagoa dela, beraz. Ezker abertzalea eta beste sektore batzuen ustez, ordea, egokiena zera da: «Herritar bat, boz baz» filosofia erabiltzea.
Azaroan egingo omen den batzarrean bi aukerak egon daitezke ezbaian. Gobernu Taldeak berea aurkeztuko du, baina erreferendumaren alde- koek ere ekimen hau Udalak bere egitea planteatuko dute.
Magnesitasen kanpaina
Magnesitas de Navarra-Magna enpresak Baztango Erdiz mendian harrobi-meatze bat irekitzea pentsatu zuenetik eztabaida eta ezinegona sortu dira bailaran. Babesle moduan, enpresa hainbat ekintzetan txertatu da. Kirol-alorrean nesken eskubaloi taldea eta futbol taldeak bultzatzen ditu; errugbi taldeak berriz, uko egin zion enpresaren dirua hartzeari. Bertze alorretan ere saiatu da Magna: Irurak Bat landetxeen elkarteari Baztan-Bidasoa eskualdeetako inguruak goraipatuko lituzkeen bideo-spot bat grabatzea proposatu zion, baina ezezkoa eman zitzaion.
Madrilgo marketing enpresa batekin kontratua sinatu eta publizitate handia egiten hasi zen Magna: Eskualdeko Ttipi-Ttapa aldizkarian orri oso bateko iragarkia jartzen du, eta Xaloa telebistan ere leku nabarmena du.
Urrian egindako Baztango Batzar Nagusian, NaBai-k Magnaren egitasmoari buruzko proposamen bat aurkeztu zuen, Batzarra baita Erdizko lur komunalen arduraduna. Egun berean azaldutako proposamena orduan bozkatu nahi izan zuen, baina hainbat alkateri goizegi zela iduritu zitzaion. Ez ziren kontutan hartuak izan, eta Batzarretik atera egin ziren. Erdiz Bizirik plataformak protesta egin zuen, eta bilkura bertan behera utzi zuten. Aste batzuen buruan, bost alkatek erreferendumaren prozesua abiatu zuten; egun sinadurak biltzen ari dira. Eta aste honetan ezagutzera eman du Gobernu Taldeak bere plana.
Batzarra hamabost alkatek osatzen dute, hamahiru zinegotzi eta kuarteletako lau ordezkarirekin batera.
«Herri-kontsulta» oinarri duen plan bat aurkeztu du, bere hitzetan «errazagoa eta osoagoa» izanen delako. Herrietan egingo litzateke, eta haien erabakia Batzar Nagusira eramango lukete gero alkateek.
Baztango zinpeko bost alkatek aurkeztutako egitasmoa aitzinera doa. Sinadura bilketa amaitzear dago eta orduan Batzar Nagusiari aurkeztuko zaizkio onarpena eman diezaien. «Herritar bat, boz bat» da bere filosofia.