GARA > Idatzia > Eskubaloia

Asobal Liga

Etxetik kanpo puntuak biltzeko aukera bikaina

Portland San Antoniok bolada onari eutsi nahi dio Almerian eta Arratek Teka ahulari egingo dio bisita

p048_f01_148x108.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Portland San Antoniok eta Arratek egun aproposa dute gaurkoa, paper gainean behintzat, etxetik kanpo puntu baliotsuak batzeko. Nafarrek Keymare Almeria talde apalari egingo diote bisita (19.00, Rafael Florido kiroldegia), orain dela bi aste Octavioren kantxan egindako hankasartzea ahaztu eta azken bi partidetako bolada onari eustea helburu hartuta. Gipuzkoarrek, berriz, Teka Cantabriaren aurka jokatuko dute (19.00, La Albericia kiroldegia) eta sailkapeneko azkenekoaren kantxan bi puntuak lortzea ez den beste edozer porrot moduan hartu daiteke.

Portlandi dagokionez, etsairik handienak lesioak eta jokalarien nekea, bai fisikoa, bai psikologikoa izango dira. Andorinho, Hernandez eta Kjelling min hartuta daude; Balic erdipurdi dabil eta, guztiz beharrezkoa ez bada, gaur ez du jokatuko; Ortigosak eta Jorgensenek, azkenik, «ikututa» amaitu zuten Gudmeren aurkako partida gogorra. Iruindarrek zuzenean egin zuten atzo Danimarkatik Andaluziarako bidaia; baina taldeak nekea soma lezake.

Gainera, Keymare Almeria ez da edonolako taldea. Sailkapenean 13. egon arren, aurtengo udan jokalari onak fitxatu ditu eta euskal afizioak ongi ezagutzen dituen gizon batzuk han dabiltza: Txema Senosian entrenatzaile nafarra edota Bidasoan aritutako Tioumentsev antolatzailea. Horien jokalari arriskutsuena Ivan Nikcevic da -Portlanden eskaintza bat ere ba omen du-, baina Pavlovic eta Petric min hartuta daude. Vojislav Kraljic zalantza izango da azken ordura arte.

Gora begiratu nahian

Arratek, bestalde, sailkapenean gora begira jartzeko aukera du gaur irabaziz gero. Eibartarrek zortzi puntu dituzte eta garaipenak erditik gora ipintzea eragin dezake. Zenbakiak alde dituzte -azken hiru urteetan ez dute galdu Santanderren-, baina aurreko astean, Granollersen aurka (23-24), ez zuten oso irudi onik eman Ipuruan.

Azkenean, Iñigo Salaberriak eskumuturrean duen arazoa ez dago osatuta eta Matovic pibotearekin batera, kanpoan geratuko da. Oso neurketa berezia, bestetik, Arkaitz Vargas eta Bojan Stefanovicentzat, biek Tekan jokatu baitzuten iaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo