People Are Machines jazz taldeak jaso du Getxoko saria
Danimarkar laukote gaztea dugu People Are Machines. Iaz, Getxoko Nazioarteko Jazzaldiko talde lehiaketan sari nagusia irabazi zuten eta ordainetan, zuzeneko diskoa grabatu zuten, atzo saltoki handi batean aurkeztu eta Errabal zigiluak plazaratu berri duena.
Anartz BILBAO | BILBO
Bizikletak bezala, jazzak ere udako kontua ematen du gurean. Urtaro beroa dugulako jazz jaialdietan oparoena. Getxoko Nazioarteko Jazzaldia dugu horietarikoa. Bertan, nazioarteko izar eta musikari trebatuekin batera europar talde gazteak lehiatu ohi dira, disko bat grabatzea sari.
Iaz, Thinktank holandarrak, Andrew´s Quartet errusiarrak, Mr. Chacho espainiarrak eta People Are Machines danimarkarrak izan genituen lehian eta daniar talde gazte dibertigarriak irabazi zuen epaimahaiaren zein publikoaren saria. Laukoteak atzo jaso zuen ordaina, Errabal jazz zigiluak plazaratutako zuzeneko diskoa. Bost konposizio biltzen ditu lanak, lau taldeak sortuak eta Branford Marsalis saxo jolearena bosgarrena.
Lehiaketa fasean jo ostean, bigarren zuzeneko bat eskaini zuen taldeak, honakoan txapeldun legez. Nabarmentzekoa da gainera, ez zutela kantu bat bera ere errepikatu emanaldi baten eta bestearen artean. Diskoaren lehen lau kantuak lehen kontzertukoak dira, bosgarrena eta azkena, bigarrenekoa.
Marius Neset saxo tenore jotzaileak, Magnus Hjorth piano jotzaileak (berak irabazi zuen bakarlari onenaren saria), Petter Eldh kontrabaxu jotzaileak eta Anton Eger bateria jotzaileak osatzen dute egun People Are Machines. 2004an Kopenhagen sortua, jazz moderno, indartsu eta bizia jotzen du etengabeko gorakada bizi duen laukote interesgarriak. Getxoko zuzeneko diskoaz aparte, taldeak lan bakarra dauka merkatuan, debut homonimoa. Atzokoan, pozik agertu ziren prentsaurrekoan.
Bestalde, Getxo Jazzeko arduradunek aurten jaialdian parte hartu nahi duten taldeentzat izen emate orria banatu eta epea ireki zuten.
Europan jazz musika jotzen ari den edozein talde aurkez daiteke lehiaketara; musikarien adinak 30 urtetik beherakoa behar du izan. Antolakuntzak lau talde sailkatuko ditu, Getxoko jaialdian zuzenean jo dezaten. Bestalde, izena ematen duen orok ezinbestekoa du musika CD bat eta argazki txukun bat bidaltzea.
Izena emateko epea otsailaren 16an, eguerdiko ordu batean itxiko da.
Sariei dagokienez, txapeldunak hiru mila euro jasoko ditu, zuzeneko diskoaren edizioaz aparte. Bigarren sari bat ere bada, mila eta berrehun eurokoa. Azkenik, bakarlari onenak seiehun euro jasoko ditu.
Datorren urteko jaialdia, hogeita hamabigarrena, uztailaren 2tik 6ra izango da Getxon.