GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko txistulari bandak «Hala ere» lan berritzailea plazaratu du

GARA | BILBO

Bilboko Txistulari Bandak «Hala ere» diskoa eman du argitara, musika tresnaren errepertorioa berritu eta zabaltzeko asmoz. Bertan, omenaldia egin diote soinuari, Kepa Junkerak, Aitor Furundarenak, Joxan Goikoetxea eta Pello Ramirezek sortutako piezen bitartez. Disko honetarako propio sorturiko piezekin batera, Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren klasiko batek, lanari izena ematen diona, osatzen dute diskoa.

Grabazioa Donostiako Elkar estudioetan egin da, 2007ko urrian, Cesar Ibarretxeren gidaritzapean eta Josebe Ormazuri koordinatzaile zela.

Diskoak zortzi kanta biltzen ditu. «Itsasora mezu bat» eta «Kaieratu zinenekoa» Pello Ramirezek sortuak dira, «Arrikutz» Aitor Furundarenak, «Oskiarako bidea» Xabi Zabalak, «Kimua» Marijose Arregik, «Abril» Iñaki Salvadorrek eta «Txistulari» berriz, Kepa Junkerak. Zazpi hauei «Hala ere» gehitu behar zaie.

Lanari izenburua ematen dion kantua, lehen esan bezala, 1974an Xabier Letek idatzi eta Lourdes Iriondok musikatu zuen eta Joxan Goikoetxeak moldatu du txistularien lanerako.

Astelehenean, zuzenean

Makina bat babesle dituen diskoaren bi mila ale argitaratuko dira, eta azaroaren 20an helduko da saltokietara, 16 euroko salneurriarekin.

Egun Garikoitz Mendizabal zuzendari eta lehen txistuak, Idoia Kareaga bigarren txistuak, Gorka Zabaleta silboteak eta Asier Gartzia perkusio jotzaileak osatzen dute taldea.

Bigarren diskoa dute honakoa. Estreinakoa, «Harizko txistua» deiturikoa, Alos Quartet hari laukotearekin grabatu zuten. Bide beretik grabatu dute «Hala ere», txistua ezohiko musika tresnekin nahastuta.

Datorren astelehenean, azaroaren 19an, zuzenean aurkeztuko dute diskoa, iluntzeko 20.00etan Bilboko Euskalduna Jauregian eskainiko duten doako kontzertuaren bitartez. Gaur eguneko txistu doinuak entzuteko aukera paregabea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo