GARA > Idatzia > Kultura

Eskoriatzako lehen finalaurrekoak majo berotuko du GPuntua topatu nahi dutenen arteko lehia

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak bere bidea darrai. Gaur, 18.00etan, Eskoriatzan dute hitzordua. Saioa izendatzeko modua ere gero eta potologoa da: finalaurrekoa. Illunbeko finala gertuago dagoen seinale.

p056_f01.jpg

Amagoia MUJIKA | DONOSTIA

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa azken txanpan sartuko da gaur eta ondo somatuko da tenperatura igoera. Bai, behintzat, GPuntuaren barrunbeetan. Finalerdietan lehena -denera, hiru izango dira- Eskoriatzako udal kiroldegian jokatuko da gaur, 18.00etan.

Jexux Mari Irazu, Uxue Alberdi, Jon Martin, Ainhoa Agirreazaldegi, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi arituko dira kantuan. Guztiek ere lortua dute datorren Euskal Herriko txapelketarako txartela. Batzuentzat, nahikoa sari izango da hori, baina egongo da finalera zuzen-zuzenean begira dagoenik ere.

Jexux Mari Irazu izango da saioko zaharrena (Larraul, 1972) eta baita plazan eskarmentu handiena duena ere. Bertsogintza du jardun nagusietakoa. Bertsotan bere kabuz hasi zen, eta gero Tolosaldeko Bertso Eskolan eta Hernaniko Bertso Eskolan egin zuen bidea, azken horretan batik bat. Bi aldiz izan da Gipuzkoako Txapelketan txapeldunorde (1995 eta 1999) eta finalista 2003an. Txapelketa Nagusian bitan iritsi da azken saiora (1997 eta 2001). Bertsoa.com Bertso Plaza Digitala webgunearen sortzailea da. Hamabost urte daramatza plazaz plaza eta urtean 100 saio inguru egiten ditu.

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) da plazan eskarmentu txikiena duena, duela bi urte eskas egin baitzuen lehenengo plaza. Suedian bizi izan da Erasmus beka dela medio eta han idatzitako ipuin bilduma batekin Igartza beka lortu zuen. «Aulki bat elurretan» liburua osatu zuen hala (Elkar, 2007). 2006an kazetaritza ikasketak amaitu eta itzultzaile lanetan dabil orain. 2007ko apirilean Joseba Jaka beka eman diote eleberri bat idazteko.

Jon Martin (Oiartzun, 1981) Publizitatea eta Harreman Publikoan lizentziatua da. Gazte hasi zen bertsotan, Oiartzungo Haurtzaro bertso eskolan, Kontxi Begiristainekin. Karlos Aizpurua, Arkaitz Goikoetxea eta Exteban Martiarena ere izan ditu irakasle. Jon Martin bera da orain Oiartzunen irakasle lanetan aritzen dena. Bat-bateko sariketa eta bertsopaper lehiaketa ugari irabazi ditu.

Bertsolariak

Ainhoa Agirreazaldegik (Elgeta, 1978) ondo ezagutzen ditu oholtzak, nahiz eta urte batzuetan ez den kantuan aritu. Orain, berriz gogotsu bueltatu da oholtza gainera. Elgetarra da sortzez, baina Bergaran eta Zarautzen bizi izan da. Gazte mailako sari asko irabazi ditu; Xenpelar, Lizardi, Osinalde eta Orixe sariak. Bergara, Aretxabaleta, Arrasate eta Hondarribiko bertso eskoletan irakasle izan da. Bertsozale Elkarteko ikerkuntza arduraduna eta zuzendaritza kide izan da 2.000 urtea ezkero.

Unai Agirre (Hernani, 1975) umetan hasi zen bertsotan eta eskolarteko txapelketetan, gazteen txapelketetan eta ingurukoetan ibili izan da, adin horretako bertsolari gehientsuenak bezala. Txapelketa Nagusietan ere parte hartu izan du.

Eskoriatzan gaur arituko direnen artean gazteena Beñat Gaztelumendi da (Añorga, 1987). Beti izan da bertsozalea, eta Igeldoko, Hernaniko eta Santutxuko bertso eskoletan ibili izan da. Eskolartekoetan eta gazte sariketetan sari asko irabazi ditu eta aurtengo txapelketan ezusteko ederra eman du.

Beste finalerdiak

Eguna: Azaroak 24.

Lekua: Oiartzungo Elorsoro kiroldegia.

Bertsolariak: Amaia Agirre, Iñigo Manzisidor «Mantxi», Jon Maia, Iker Zubeldia, Xabier Sukia, Arkaitz Oiartzabal «Xamoa«.

Eguna: Abenduak 1.

Lekua: Ordiziako Majori kiroldegia.

Bertsolariak: Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Iñaki Zelaia, Unai Muñoa, Joxe Munduate, Iker Gurrutxaga.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo