GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Ilunbeko maletilla

Salto egin plazara, bertsoz-bertso, GARAren eskutik

GARA plazan? Bertsoak zezen-plazan? GARA, zezen-plaza eta bertsoak? Ez, lasai, ez dugu burua galdu; gure jai nazionala bertsoa da. Joko bat proposatu nahi dizuegu, jolas parte hartzailea, dibertigarria, probokatzailea. Luxuzko lau «plaza-zezenekin» egingo dugu jokoa (Andoni Egaña, Xabier Silveira, Maialen Lujanbio eta Xabi Paya), eta maletilla talde elegante eta bikain batekin egingo dugu salto plazara: zuekin... Ilunbeko maletillekin.

maletilla.jpg

Josu JUARISTI

Hara, garbi esango dizuet, ikaragarri gustatzen zaigu maletillaren ideiaren atzean dagoena: bere ametsen eta helburuen bila lotsagabe eta ausardiaz abiatzen dena; plazara salto egiteko beldurrak uxatzeko gai dena, oztopo guztien gainetik, pasioz eta animoz. Gonbiterik gabe, txartel beharrik gabe, baimenik eskatu gabe, zezenei «aurre» egiteko aukera denok dugulako, denok duzuelako. Ez dira nolanahikoak... baina hel iezaiezue, zain dituzue eta! Gainera, kontu honek guztiak badu matxinada ukitu bat, matxinada sanorako gonbite puntu bat.

Bihar egingo dugu salto plazara, ezer gorde gabe, dena emateko prest, probokatzeko asmoz, zuen eskutik. Lau «zezen» aurkeztuko ditugu, astero bana, zuei abiapuntua emateko, eta astean zehar proposatzen dizuegun bertso-bidaia ixteko. Lau «zezen», lau ilargi zorrotz eta arriskutsu: 7 de oros, Lucero, Gatillero eta, arratsaldea ixteko, Sombrerero. Jolasa proposatzen dizuegu, ausartentzat. Zuen parte hartzeari eta, hor nonbait, gordeta, duzuen bertsolariari, keinua.

Eta aitortu behar dizuet oso gustura gaudela paperean zein interneten (baita SMS bidez ere, azken egunotan GARAn eta maletilla.gara.net webgunean azaldu dizuegun bezala) proposatuko dizuegun jolas honekin.

Harro puntu batekin gaineratuko dut sekulako poza dugula «plaza-zezen» hauekin. Ohorea da guretzat; luxua denontzat.

Broma gutxi epaileekin!

Eta, hau guztia gutxi balitz, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea dugu lagun, laguntzaile. Epaileak ere punta-puntakoak dira. Broma gutxi, beraz, e! Baimenik gabe sartuko zarete, beharbada... baina «ofizialen» pare izango zarete «epaituak». Hori bai, goxo-goxo. Sariak ere politak dira, tentagarriak zalantzarik gabe. Parte hartze zabalena lortu nahian, publikoak ere aukera izango du bere gogoko koplak eta bertsoak bozkatu ahal izateko (webgunean).

Tira, jar nadin erdi-serio, unetxo batez bada ere, bizpahiru kontu argitzeko. Izenburuarena, esate baterako. Gipuzkoako Txapelketa jarraitzen ari baldin bazarete jakingo duzue nondik datorren jokoaren izenburua: Ilunbeko maletilla. Donostiako zezen-plazan izango da, izan ere, finala. Eta, kronikei eta izenei erreparatu badiezue, gazteek lotsa zer den ez dakitela ikusiko zenuten, «fuerte» datozela, alegia.

Geuk ere gure maletilla onenen izen abizenak ezagutu nahi ditugu, edo goitizenak (gure «zezen» titularrenak ikusita kostatu behar zaizue goitizen dotoreagorik asmatzea!).

Salto egin plazara, western baten antzera grabatu dugun spot zoragarrian bezala. Baina honetaz geroxeago hitz egingo dizuet, merezi du eta! (barkatuko didazue, gaizki egongo da, beharbada, guk geuk egindako lan bati buruz horrela hitz egitea, baina zer esango dizuet ba, utziko didazue kontu eder hauekin ere pixka bat hunkitzen. Zuek, dena dela, emaiozue begiradatxo bat, ez zarete damutuko).

Beno, behin hasita, ez dut gerorako utziko. Atrebentzia ez bada, sar zaitezte www.gara.net gure webgunean eta ikus itzazue akzioan gure «plaza-zezenak», eta espontaneoak. Ez da «superprodukzioa» izango, agian, baina dotorea bai. Bertsolariak paperean nola sartu diren ikustea ikaragarria izan da, lehenengo kolpean gainera, aktore lana egin behar denean ere serio, eta bertsolaritzari, bide batez, ekarpentxo berri bat ere egin diote. Bertsolaritzak beste erregistro batzuk jorra ditzakeela erakutsi digu sarritan, eta Andoni Egañak, Maialen Lujanbio, Xabier Silveirak eta Xabier Payak ederki asko erakutsi digute, oraingo honetan ere, molde, tresna eta euskarri ezohiko batzuk ekarpen bilaka daitezkeela.

Aktore estreinatu berriak, beraz, primizian zuentzat. Eta, hauekin batera, esan bezala, plazara salto egiteko prest dauden maletillak.

Gure aldetik, txaloak, zaparradaka, aktoreentzat, plaza-zezenentzat; guretzat oso pozgarria izan da proposamena eta jokoa zein ondo hartu dituzten ikustea. Motibatuta eta estimulatuta ikustea, hori sentitzea, ikaragarri aberasgarria da guretzat. Orain, bihartik aurrera, zuekin konpartitu nahi genuke hori guztia.

Ah, gure webgunean (eta, horren barruan, jokorako propio sortutako maletilla.gara.net web gunean) ikusteaz gain, spota www.gaur8.info web gunean, youtuben eta euskaltuben ere aurkituko duzue.

Hitz jokoak

Gipuzkoako bertso txapelketaren azken saioa Ilunbeko zezen-plazan dela aprobetxatu dugu, aipatu bezala, zezenen munduarekin janzteko, nolabait esateko, «Ilunbeko maletilla» jokoa. Probokatzeko gogoarekin genbiltzan, xuabe-xuabe bada ere, hitz jokoak astinduz. Bertsoak asko daki horretaz.

Jokoak berak ere, izan ere, ekarpentxoa egin nahi dio hasieran aipatutako jai nazionalari, bertsoari, eta tabernan edo jatetxean, edo etxean, edo autoan, edo pasiran, edo auskalo non, bakarrik edota erdi «klandestino» aritzen den artistari aukera eman nahi diogu. Horrelako joko bat egiten den lehenengo aldia izango da, eta hautsak arrotzeko bokazioarekin jaio da. Bihartik aurrera, lau asteko jokoa proposatuko dizuegu. Gero iritsiko da hurrengo urtea ere...

Dagoeneko ikusiko zenituzten jokoaren nondik norakoak; paperean egunero atera ditugu, azken bi asteotan, eta Interneten «Ilunbeko maletilla»ri ireki diogun webgunean ere ederki datoz arauak eta gainontzeko kontuak.

Gure ongi etorririk beroena, beraz, zuei; ongi etorri pasioa, ideiak, ekintzaile bihotzak... maletillak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo