Julio Villanueva Itoitzekiko solidarioa, Iruñeko espetxetik
Txus, kartzela politikaren azken biktima
Gauero, afaldu ondorenean eta ziegan sartu aurreko 10 minutu horietan preso talde bakoitza, nor bere txokoan, elkartu ohi gara, eguneko gorabeherez hitz-aspertu bat egiteko eta biharamuna arte agurtzeko, gau ona opatzearekin batera. Nik txoko horiei «mentideroa» deitzen diet.
Baina Txusentzat ez da biharamun gehiagorik izanen, gaur ez da azalduko gaueroko hitzordura. Ezta biharkora ere. Txus gure «mentidero»ko gaueroko partaidea zen. Mañiko Bardeneroa zen, Sadaba herrikoa. Batzuetan, bere mahastiez mintzatzen ginen, aurtengo uzta ona atera ote zen, zenbat litro ardo lortuko zuten... Pertsona isila, serioa, istilurik sortzen ez zuena eta langile fina; kartzela konpontzen, azulejuak paratzen hamaika ordu pasatutakoa, igeltsero ona baitzen.
Baina, ordainetan, esker txarreko kartzelak heriotza eman dio. Epaileak epaia jakinarazi aurretik -prebentiboa baitzen- kartzelak berak bere epaia gupidagabeki bota eta betearazi dio: heriotza zigorra. Ez da lehena, ezta zoritxarrez azkena ere, aurten Estatu espainoleko kartzeletan 60 heriotza baino gehiago izan dira - kontuan hartu gabe kanpoan hiltzeko kartzelatik askatzen dituzten hainbat eta hainbat presoren kasuak-.
Hiltzaileak, txikitzaileak eta lapur handiak gobernuen gabineteetan eta enpresa handien administrazio batzordeetan libre dauden bitartean, gaizkile txikiak eta bidezkoa ez den gizarte honen aurka ari direnak usteltzen uzten dituzte gainezka dauden kartzeletan. Zainketa eza eta arduragabekeria eguneroko ogia dira: 92. artikulua gaitz sendaezinak dituzten preso politikoei ez zaie aplikatzen; Txusen kasuan ordu erdi bat pasatu zen bere ziegakidea deika hasi zenetik funtzionarioak heldu ziren arte; eta duela hilabete bat 72 urteko preso batek hiru ordu baino gehiago itxaron behar izan zituen funtzionarioak iritsi arte, literatik erorita aldaka hautsita zuela...
Espetxeak errentagarriak dira sistemarentzat. Egun Iruñeko kartzela mukuru betea da, eta ondorioz preso helduak gazteen moduluan sartu behar izan dituzte. Hori dela-eta gero eta gehiago eta gero eta handiagoak egiten saiatzen dira -Langraizko eta Iruñeko Soltxateko kartzela berriak kasu-. Izan ere, preso bakoitzeko Europako Parlamentuak diru laguntza handiak ematen ditu, eta presook barruan egiten duten gaizki ordaindutako lanen bitartez negozio handia mugitzen da.
Gainera, artifizialki sortutako seguritate gabeziaren afera jendea kartzelatuz «konpontzen» dute. Hala, presook milaka milioi euro balio duen eta izugarrizko negozioa den gizartearen seguritatea «zilegi bihurtzeko» ezinbesteko «tresnak» gara.
Kartzelek ez dute balio inor bergizarteratzeko, gupidarik gabe zigortzeko baizik. Eta bistan da zigorra inoiz ez dela jendea hezteko modurik onena izan, gorrotoa sortzeko baino. Are gehiago heriotza zigorra bada.
Aupa Txus, zulo gris eta ilun honetatik bederen betiko libratu zara. Biba zu!