GARA > Idatzia > Kultura

Oiartzunek jasoko du gaur Gpuntua Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa

Amaia Agirre, Iñigo Manzisidor, Jon Maia, Iker Zubeldia, Xabier Sukia eta Arkaitz Oiartzabal arituko dira gaur Elorsoroko Kiroldegian Gpuntua txapelketaren finalerako txartela lortu nahian.

p056_f01_148x104.jpg

J.V.M. | GASTEIZ

Jon Martin izan zen iragan larunbatean Eskoriatzako kiroldegian izandako finalaurreko lehen saioaren irabazlea. Gipuzkoar gazteak 497,5 puntu lortuta Jexus Mari Irazu, Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendiri gailendu eta finalerako txartela eskuratu zuen.

Gaur Oiartzunen beste sei bertsolarik izango dute beren txanda. Arratsaldeko 18.00etan hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoaren bigarren saioa. Amaia Agirre, Iñigo Manzisidor «Mantxi», Jon Maia, Iker Zubeldia, Xabier Sukia eta Arkaitz Oiartzabal «Xamoa» bertsolariak igoko dira oholtzara Elorsoro Kiroldegian gaurkoan.

Illunbe bertsozalez beteta

Gpuntua izeneko Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketak duela bi hilabete hasi zituen herrialdean sailkapen faseak. 80 bertsolari baino gehiago izan ziren saio horietan, eta final-laurdenetara horietatik hogeita hamar igaro ziren. Bost saioetara jokatu zuten gazteek Azkoitian, Irunen, Eibarren, Zumaian eta Tolosan. Aurreko astean berriz, txapelketak finalaurreari eman zion hasiera Eskoriatzako kiroldegian. Hiru saioko txanpa da eta lehendabizikoan Jon Martin atera zen garaile. Gaurkoan , berriz, finalerako bigarren izena aterako da. Aurrekoan Eskoriatzak bizi izan zuen giro beroa Oiartzunen gaur ere bizitzea espero dute ikusleek, izan ere, lehia bizia izango da sei bertsolarien artean.

Gaur arratsaldeko bertso saioa eta gero, gaur zortzi izango da hirugarren kantaldia Ordizian. Finalaurrekoaren azken txanpa izango da hori. Majori Kiroldegian arituko dira abenduaren 1ean honako bertsolariak: Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Iñaki Zelaia, Unai Muñoa, Joxe Munduate eta Iñaki Gurrutxaga.

Finala abenduaren 16an jokatuko da Illunben, zezen-plazan. Antolatzaile talde bat Illunbera joan zen iragan den azaroaren 16an, bertako instalazioen egokiera egiaztatzeko asmoz.

Oroitz Azurmendi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailearen hitzetan, «bertsotarako plaza ezin hobea da Illunbekoa». Plaza egokia eta handia da eta finala Gipuzkoako bertsolaritzaren festa bihurtzeko leku aukerakoa dela onartu zuten aho batez antolatzaileek. «Illunbe bertsozalez beteta ikusteko gai izan gara; egun gogoangarria izango da», nabarmendu zuen Oroitzek. Hitzordua arratsaldeko 17.00etan izango da.

Fitxa

Tokia: Elorsoro Kiroldegia, Oiartzun. Ordua: 18.00. Bertsolariak: Amaia Agirre, Iñigo Manzisidor «Mantxi», Jon Maia, Iker Zubeldia, Xabier Sukia eta Arkaitz Oiartzabal «Xamoa». Sarreraren salneurria: 10 euro, arrunta; 7 euro, Bertsozale elkarteko bazkideek; eta 5 euro, 16 urtetik beherakoek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo