GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Eulate Zilonizaurrekoetxea eta Unai Larreategi EHEko kideak

Euskarak burujabetzan oinarrituriko aldaketa behar du

Gure herriarekiko eta hizkuntzarekiko erabaki ahalmena estatuen esku dago eta ezaugarri nagusi horren baitan euskararen alde aipaturiko urratsak garrantzi handikoak izanik ere, ez dira sabaia gainditzeko aski

Euskararen egoera aztertzeko garaian, irakurketak eta mezuak datozen lekutik datozela oso ezberdinak izan ohi dira. Batzuek botila erdi hutsik ikusten dugu, beste batzuek aldiz, erdi beterik. Uka ezina da azken urte luzeetan euskararen normalizazioaren bidean urratsak eman ditugula. Zalantzarik gabe, eman diren urrats horiek eta euskararen alde Euskal Herrian egin den eta egiten den lan izugarria azpimarratu gabe ezin da utzi. Horien artean, ikastolen sorrera, horien garapen garrantzitsua eta haurren euskalduntzean bete duten funtsezko eginkizuna; hezkuntza sare publikoetan euskarari sarbidea emateko euskaltzale askoren ahalegina eta emandako pausoak; euskarazko hedabideen sorrera eta hedapena; euskararen erabilera hedatzeko hamaika egitasmoren sustapena; helduak euskaldun eta alfabetatzeko ahalegin handia; hizkuntza eskubideen eta ofizialtasunaren aldarriarekiko babesa; normalizazio egitasmoak herrika; udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzeko politikak; euskararen kontrako erasoen aurreko protestak eta mobilizazioak... Horiek guztiak, eta zerrenda ditzakegun beste asko gehiago, Euskal Herrian euskararen aldeko kontzientzia sozial zabala eta garrantzitsua dagoenaren adierazle argiak dira. Euskararekiko atxikimendu horrek, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko herriak duen gogoa eta nahia erakusten ditu.

Edonola ere, urrats horiek guztiak zer nolako testuingurutan ari garen ematen aztertzea ezinbestekoa da. Izan ere, aipatutakoarekiko kontraesana dirudien arren , euskararen egiturazko egoera larria baita. Herri honek bere hizkuntza nazionalarekiko atxikimendua eta konpromisoa etengabe azaltzen duen arren, euskara itolarrian dago, euskaldunok bezalaxe, Euskal Herria bezalaxe. Gaurko eguna arte, mendeetan zehar Euskal Herria jasaten ari den zapalkuntzaren baitan, euskarak eta euskaldunok jasan beharreko menpeko egoera lazgarria da. Historian zehar eta egun ere, euskara izan da espainiar eta frantses estatuen erasoen jomuga nagusietako bat, aski ongi baitakite hizkuntza dela herri identitatearen adierazle, lurraldetasunaren funtsezko zutoin, nazio baten biziraupenaren eta garapenaren enbor.

Egun euskarak duen estatusa, Euskal Herrian indarrean den esparru juridiko-politikoaren baitakoa da, ordezkapen prozesuaren katearen beste katebegia. Herria eta hizkuntza euskaldunontzat banaezinak diren bezalaxe, estatuentzat ere ezin zuen bestela izan. Madrilek eta Parisek erabaki zuten euskaldunon hizkuntza eskubideak non aitortu behar ziren eta non ez; euskara non den ofizial eta non ez; euskara legez babestu edo ez... eta noski, hori guztia euren legedi amaraunetik. Hots, gaztelania eta frantsesaren nagusigoa zalantzan jarriko ez duten arauen barruan eta, noizbait, zalantzan jar lezakeen neurririk hartuz gero -udalerri euskaldunen mankomunitatea, adibidez-, halakoak indargabetzeko mekanismoak indarrean jarriz. Azken batean, gure herriarekiko eta hizkuntzarekiko erabaki ahalmena estatuen esku dago eta ezaugarri nagusi horren baitan euskararen alde aipaturiko urratsak garrantzi handikoak izanik ere, ez dira sabaia gainditzeko aski. Hau da, euskararen normalizazioa lortzeko sabai garaiezina dagoela egun eta hori gainditzeko indarra egin ezik, urratsak eman ditzakegula, baina denborak frogatu duen moduan, indargabetuak izan daitezkeen bezala, ez direla aski izanen euskaraz bizitzeko eskubidea gauza dadin, herri hau euskalduna izan dadin.

Horrexegatik, euskaldunok burujabetasuna behar dugu. Gure herriaren eta hizkuntzaren oraina eta etorkizuna erabakitzeko ahalmena gure eskuetan egotea ezinbestekoa da dagozkigun eskubideak bermatu eta Euskal Herri euskaldunaren helburu nagusia erdietsi ahal izateko. Hain zuzen ere, gaur Euskal Herrian jokoan dagoen auzi nagusia horixe dugu. Urtetako lan handiak Euskal Herria aldaketaren atarira ekarri du. Noski, aldaketa hori norabide batekoa edo bestekoa izan daiteke. Estatuek gure herria, hizkuntza eta herritarrak euren menpe mantentzeko moduko aldaketa bilatuko dute, egiturazko egoera betikotu asmoz. Baina Euskal Herrian, bada gehiengo bat aldaketa Euskal Herriaren eskubideen errespetuan oinarritu behar dela aldarrikatzen duena: Euskal Herria badela eta zazpi lurraldek osatzen dutela, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela eta herri bezala egituratu eta antolatzeko eskubidea duela. Aski erroturik dago.

Testuinguru horretan gaudela, bi hileotan Nazio Eztabaida burutzen ari gara. Eztabaidan zehar aipatzen ari garen auzi nagusia azaldu da: Euskal Herria aldaketaren atarian dago eta euskal herritarrok gatazka politikoari konponbidea emango dion aldaketaren alde indar handia egin behar dugu. Hots, Euskal Herria burujabetzara eramango duen aldaketaren alde indarrak metatu eta baldintza sozialak trinkotu behar ditugu; horretarako, herri garenez, estrategia komuna bultzatu behar da eta herri sektoreak elkarlanean aritu. Euskararen alde herriz herri edo nazio mailan, elkartez elkarte edo euskaltegiz euskaltegi lanean gabiltzan milaka lagunok badugu zer esana eta egina bide horretan: erdaraz bizitzetik euskaraz bizitzera igarotzeko egiten ari garen ahalegina eta lana egi bihurtuko duen aldaketaren norabidean jartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo