GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz Idazlea

«Una mattina mi son svegliato...»

Ezaguna denez, militar faxista batek gazte antifaxista bat hil zuen lehengoan Madrilen. Labankada zitala bihotzean, eta arrazakeria madarikatuari aurre egin nahi zion Carlos Javier Palomino hilda gelditu zen Legazpi metro geltokian. Gertaeraz jaso nuen lehen aipamena «El País»en izan zen, baina hor eskubi eta ezker muturreko taldeen arteko liskarraz hitz egiten zuten. Horixe izan zen Barne Ministerioaren bertsioa, komunikabide gehienek zabaldu zutena: bi muturren arteko talka gertatu zen eta Palominok bizia galdu zuen.

Hondarreko egunotan hainbat telebista saio egin dira gai honetaz, eta gehienetan, ultraeskuina talde antifaxistekin parekatu nahi dute: denak muturrekoak dira, erradikalak, fanatikoak, eta elkarren etsaiak direnez, indarkeria erabiltzen dute elkarri min egiteko. Bai horixe! Bi muturrak! Espainiar, italiar edo alemaniar faxistak eta faxismoei aurre egin dietenak zaku berean? Argi eta garbi esan beharra dago Hitler eta Musolinni garaituak izan zirela garai hartako antifaxistak armak eskuetan oldartu zirelako. Indarkeria erabiliz, gerra luze eta gogor baten bitartez, bidea moztu zietelako. Izan ere, nazkatuta nago indarkeriaren inguruko hipokresiaz! Indarkeria itsusia da, beti dago lekuz kanpo... Zer egin behar zuten 1940an Hitleren biktimek? Mugimendu bakezaleak antolatu kontzentrazio zelaietan? Hitler seduzitu behar zuten? Kontzentrazio isilak deitu behar zituzten Alemaniako enbaxaden aurrean? Protesta eskutitzak idatzi? Ez, jakina! Gerra egin behar zitzaion faxismoari, maila guztietan eta tresna guztiak erabiliz. Eta zorionez, egin zioten eta erregimen faxistak erori ziren Italian eta Alemanian. Ez ordea, Estatu espainolean. Aliatuek ez zuten jo Francoren aurka, eta, are makurrago, Britaina Handiak eta AEBek diktadura babestu zuten; Franco hil ondotik erreformaren iruzurra babestu zuten bezalatsu.

Onartezina da espainiar faxismoari aurre egin ez diotenek faxistak eta faxismoaren kontrakoak berdindu nahi izatea. Palomino kalera atera zen arrazakeria faxistari bidea mozteko. Eta bizia galdu zuen, kantuko partisanoak bezala: «O bella, ciao!..., E questo il fiore del partigiano, morto per la libertà!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo