GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

«Que nos están matando, ostia!»

Lan istripuak ez dira onartu beharreko zerbait, ez dira ezinbestez gertatzen. Lan istripu bakoitzak bere arrazoia dauka eta arrazoi hori beti da ekidin zitekeen zerbait

Honezkero 107 dira Euskal Herrian aurten hil diren langileak. 107 familia deseginda. 107 koadrila sinistu ezin dutenak. 107 lankide talde besteen tokian egon litezkeela pentsatzen dutenak. Zozketa makabroa da enpresariena eta sari seguruak banatzen dituzte: irabazi gero eta handiagoak batzuentzat eta heriotza, gaixotasunak, mutilazioak eta abar diru hori irabazteko bidea ematen diegunontzat.

Lan istripuak ez dira onartu beharreko zerbait, ez dira ezinbestez gertatzen. Lan istripu bakoitzak bere arrazoia dauka eta arrazoi hori beti da ekidin zitekeen zerbait. Ondo ez dabiltzan makinak, baina sekula konpontzen ez direnak; langileei sartzen zaizkien presak lana ahalik eta arinen egin dezaten edota ahalik eta pieza gehien produzitu ditzaten; jende berria, ezer azaldu barik, lanpostuan egun batetik bestera jartzen dutena... Zertarako gastatu dirua formazioan, edo segurtasun planak egiten, edo neurriak betetzen direla ziurtatzen duen jendea kontratatzen, edo makinak berriztatzen? Hildako bat merkeagoa da makinaria berria jartzea baino, edota segurtasunean inbertitzea baino. Zertarako lan baldintza duinak, baldintza prekarioekin askoz diru gehiago irabazten badute? Pare bat hildako gorabehera, inportanteena kostaldean txalet berria eraikitzea da.

Arazo hau denona da. Langile- klasea gara, joder! Ala ez zarete konturatzen? Bidearen zein puntutan ahaztu zaizue? Etekina eta etekina eta etekina ateratzen digute, geuri esker bizi dira erregeen pare, eta gu eurei begira. Ez al duzue ikusten ez garela berdinak? Oso ondo antolatuta daukate, eta lau katu horien paradisuan erraz alda daitezkeen pieza hutsak besterik ez gara. Horri buelta ematea denon esku dago eta aukera badago: geuk produzitzen dugu, geuk ateratzen dugu beren ekonomia aurrera, geu gara gehiengoa.

Hileta elizkizunak ikusi ditut, herritar guztiak dolu gordinean 20 urteko mutil batengatik edo 40 urteko andra batengatik. Denak makina batean harrapatuta edo erreta, edo hankak moztu eta odolustuta hiltzea zein amaiera lazgarria den irudikatzen . Gogorra. Baina egiazkoa. 8 minuturo Euskal Herrian lan istripu bat gertatzen da. Begiratu ingurura ea asmatzen duzuen zein izan ahal den hurrengoa, zeuek ez bazarete. 107 langile hil dira dagoeneko eta, zoritxarrez, urtea amaitu orduko batek daki zenbat gehiago izango diren. Ez dut uste inori axola ez dionik. Ez dut uste inork pentsatzen duenik arazoa benetan larria ez denik. Ez dut uste inork nahikoa dela esango ez duenik. Beraz, zer edo zer egin beharko dugu. Kalean entzun beharko gaituzte, behintzat.

Angel, Jose Kruz, Txaber, Jon, Ricardo, Fatou, Borys, Modesto, Zarko, Jesús, Mikel, Oswaldo, Leire, Elias, Oihane... ez al dute merezi ezer? Ez al dute merezi geure partetik ezelako erantzunik?

Nik neuk argi daukat non egongo naizen abenduaren batean, argi baitaukat borroka honen zein aldetan nagoen. Kalera irtengo naiz, kontzientzia minimorik edukiz gero, egin daitekeen gutxienekoa da eta.

¡Que nos están matando, poco a poco, y todo por hacer sucio y asqueroso dinero, ostia!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo