GARA > Idatzia > Editoriala

Analfabetismoa baimendu duen legea

Espainiar Estatuko Trantsizioan emandako urrats politiko eta juridiko gehienetan bezala, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Legearen 25. urteurrenean balantzea bi norabideetan egin daiteke. Alde batetik, positiboan, euskararen ezagutzan eta erabileran aurreratu den guztia aipa daiteke. Beste alde batetik, zentzu kritikoan, egin gabe geratu den guztia aipatu behar da. Hasieran potentzialtasun handiko lege eta neurri gisa aurkeztu ziren horiek, ibilbide labur eta okerreko neurri gisa pasa dira herri honen historiara. Itxaropen handiak jarri ziren neurri horietan, eta ondorioak ez dira izan uste bezain oparoak.

Jakina, legearen bultzatzaileek eta haren bilakaeraren arduradun politikoek alderdi positiboak nabarmentzen dituzte. Ikuspuntu horri eusteko zenbait datu beren alde dute, baina arau horiek gabe errealitatea zenbateraino izango litzatekeen desberdina ezin dute ziurtatu. Beraien balorazioetan ardurari ez ezik, zintzotasunari ere tokia utziko baliote, ziurrenik, aurreikusitakoa ez dela bete onartu beharko lukete. Gizartearen garapena positiboa izan dela esan daiteke, baina euskalgintzaren aintzindari batzuk atzo bertan aipatu zuten bezala, giro politikoa ez da norabide positiboan aldatu.

Legearen hutsuneen artean, administrazioa, orokorrean, motel ibili dela aipatzen dute ia denek, osasungintzan eta justizian eman diren urrats eskasak nabarmenduta. Lakuako Gobernuan oraindik Euskara Sailik ez egotea ere aipa daiteke. Hezkuntzan egindakoa, ordea, gehienek positibotzat jotzen dute. Esan bezala, datuek erakusten dute aurrerapauso handiak eman direla. Baina hizkuntza gaitasunak bermatzen ez dituzten hezkuntza ereduak indarrean daude eta, ondorioz, urtero euskaraz moldatzeko gai ez diren milaka eta milaka ikasle ateratzen dira hezkuntza sistematik. Analfabetismoa hitz potoloa da. Halere, komunikabideok -baita politikariek ere- analfabetismoa herri txiroetan zabalduta dagoen gaitz gisa aipatzen dugu sarri. Orain, gainera, «analfabetismo digitala»z hitz egiten dugu, teknologia berriei buruzko ezagutza eza katalogatzeko. Norberaren herriaren hizkuntza ez ezagutzea analfabetismo modu bat da. Eta lege horrek badu horren arduraren parte bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo