GARA > Idatzia > Ekonomia

Mugerreko Sagem nahita odolustutzen ari direla salatu du FO sindikatuak

Telefonia tresneria fabrikatzen den lantegiko 500 langileen kezka adierazi du, berriro ere, FO sindikatuak. «Apropos» beren jarduna geldotzen ari zaizkiela ikusten dute eta itxieraren mamuaren beldur dira. Ez hori bakarrik, Safran taldetik at geratzeko arriskuan daude ere.

p035_f01148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Safran industri taldearen baitan badira, azken garaiotan, hainbat gorabehera. Horietako bat da, zuzen-zuzenean Mugerreko Sagem Communication enpresari eragiten diona. Lantegian, besteak beste, telefonia mugikorra, informatika eta teknologia berrietako hainbat gailu fabrikatzen dira eta 500 langile daude. FO sindikatuak atzo Baionan adierazi zuen «artifizialki funtzionatzen ari dela».

«Nahita lana geldotzen» ari zaiela uste dute, iaz fakturatutakoaren erdia baino zerbait gehiago soilik egin baitute aurten. Serge Voise FOren ordezkariak esan zuen taldeko zuzendaritza aspaldi hasi zela fabrikazio hainbat unitate Tunisiara lekualdatzen. Tourcoingeko (Estatu frantseseko iparraldean) eta Euskal Herriko bi lantegiak «odolustu eta kinka larrian jartzen ari ez ote diren» beldur dira langileak.

Ez da hori, halere, kezka bakarra. Izan ere, mundu osoan 62.000 langile dituen taldeak Sagemekiko dituen egitasmoak biziki aztoratzen ditu bertako eta taldeko gainerako enpresetako langileak, horietako milaka batzuk Euskal Herrikoak edo oso gertukoak (Turbomeca, Messier).

2005ean Safran taldea sortzeko beste enpresa batzurekin bat egin zutenean, finantza mailan «kontabilitate espekulatiboa» deituriko estrategian sartu ziren. Dolarretan eta eurotan egiten diren salerosketen desorekak enpresa guztien sinergiari esker irensten ziren eta, oraindik ere, horrela egin daitekeela uste du FOk.

Inbertsio talde amerikarra

Zuzendaritzak Gores Group inbertsio funtsetako enpresa amerikarraren eskaintza onartu du eta Sagemeko zatia haren esku jartzearekin, litekeena da enpresa hori taldetik at geratzea. «Guztion onerako denek elkarrekin jarraitzea da onena» esan zuten Turbomeca, Messier eta Sagemeko FOko ordezkariek. Safran taldea «sendoa» dela eta diru funtsak behar badira bertan bila daitezkeela diote.

Behar izatea zalantzan jartzen dute, «berez, irabaziak, izan badirelako sindikatuak egindako kontu ikuskapenean egiaztatu ahal izan duten moduan.

Horregatik, atzokoan, Mugerreko lantegiak bere horretan irautea eskatzearekin batera, langileeentzat ere irabazi horiek partekatzeko eskubidea berretsi zuten, Safran taldeko langile guztiei estatutu eta hitzarmen bateratua aplikatu diezaieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo