GARA > Idatzia > Alaves

Bigarren garaipena jarraian nahi du

Gogoak gora baina zailtasunak ere bai

Jaitsiera postuetatik aldentzen jarraitzeko behar dituen hiru puntuak Elche indartsuaren aurkako lehian bilatuko ditu Alavesek

p048_f02_199x124.jpg

 ELCHE - ALAVES

GARA

Joan den asteburuan emandako urratsa ibilaldi bihurtu nahi du Alavesek. Zuri-urdinen gogoa nabarmen hazi da aurkari zuzen bati nagusitu ondoren; baina zailtasunek, teorian, bere horretan jarraituko dute gaur, Ligako talde indartsuenetarikoa izango baitute aurrean.

Alavesek jaitsiera postuekiko duen abantaila berbera neutralizatu behar du Elchek igoera postuetan sartu ahal izateko, alegia, gaur arratsaldeko partidan jokoan dauden hiru puntuak. Sailkapenean dagoen desberdintasun horrek argi uzten du zein den faborito, baita talde bien ibilbideek ere. Izan ere, David Vidalen taldeak partida bakarra galdu du orain arte etxean -laugarren jardunaldian, Racing de Ferrolen aurka-; gasteizko taldeak, berriz, behin bakarrik irabazi dute oraingoz Mendizorrotzatik kanpo, Salamancan hain zuzen.

Iraganik gertukoena, berriz, pozgarriagoa izan da talde zuri-urdinarentzat. Garaipen horrek eman dion konfiantzari eutsi beharko dio Martinez Valeroko norgehiagokari ekiteko, eta Elche Salamancan galtzeak eragindako amorrua aprobetxatzen saiatuko da.

Bertan bere taldeak denboraldiko partidarik txarrena egin zuen arren, David Vidalek lesioek behartutako aldaketak bakarrik egingo ditu hamaikakoan. «Oso gaizki ibili ginen, bai defentsan bai erasoan-onartu zuen entrenatzaileak-, baina gauzak ezin dira beti ondo egin».

Akatsa, hala ere, lehenbailehen konpondu nahi du Vidalek: «argi dago zein den gure helburua. Eta horretarako puntu asko lortu behar dugu oraindik». Horregatik, «zaleen laguntza» eskatu zuen galiziarrak, Alavesi irabaiz ahal izateko.

Zalantza bi

Josu Uribek ere Las Palmasen aurka irabazi zuen taldeari eutsiko dio; azken unean argituko duen zalantza bakarra dago, David Corominarena, hain zuzen ere. Defentsak arazo fisikoak gainditu ditu eta bere lekua berreskura dezake hasierako hamaikakoan, Iñigo Calderonen ordez. Astean zehar ikusitakoaren arabera, Pablo Casarrek erejokatzeko aukerak izan ditzake, baina igandean nola aritu zen kontuan hartuta, badirudi Uribek Gaspar mantenduko duela defentsan.

Talde horrekin, entrenatzaile zuri-urdinak «etxean erakusten ari garen mailari eustea» espero du. «Oso etsai zaila da Elche, baina mailari eutsiz gero, aukerak izango ditugu».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo