ACB Liga Tau Baskoniaren aurrekoa LEB ORO
Ez dago asko fidatzerik Grupo Begar Leon-en etxean
GARA | GASTEIZ
Atsedenerako astirik hartu gabe, Tau Baskoniak Leonerako bideari ekin zion autobusez, atzoko 16.00etan, gaur arratsaldeko 20.30etan Gustavo Aranzanak zuzentzen duen Grupo Begarren aurka jokatzeko.
Bolada bikainean daude Neven Spahijaren gizonak, zortzi neurketa irabazi baitituzte jarraian. Gainera, aspaldiko partez jokalari guztiak erabiltzeko modua izango du entrenatzaile kroaziarrak, Linton Johnsonek astean Unon Olimpijaren aurka minutu batzuek jokatu ahal izan zituen-eta.
Leongo Grupo Begar, berriz, ligako sailkapenean azkenaurreko postuan dago. Zortzi jardunaldiren ostean, bi garaipen lortu ditu soilik. Bere kantxan irabaztea ez da batere erraza, ordea; eta konfiantzaz gainezka daude gaztelarrak, pasa den asteburuan Polaris Worls Murtzia gainditu ostean. Ezin fidatu, bada, gasteiztarrak.
Bestalde, Sibenikeko entrenatzaileak prentsaurrean esandakoaren arabera, bere taldeak oraindik «%20ean» hobetzea ba omen du; azken partidetako lanaz gustura dago, baina.
«Ondo ari gara jokatzen; hobetu liteke noski. Nire ustez, %20 hobetu genezake gure jokoa. Baina tira, sasoi honetan egotea espero genuen mailan horretan gaude».
Macijauskas onenaren itzulera
Euroligaren bosgarren jardunaldia bikaina izan zen Tau Baskoniako jokalari ohi Arvidas Macijauskasentzat. Lituaniarra izan da jokalaririk balioztatuena: 41eko balorazioa eman diote.
Bere taldeak egurra eman zion Poloniako Prokom Trefl taldeari, 109-65, eta «Matxek» maila aparta erakutsi zuen; 27 puntu sartzeaz gain, bi errebote, bost asistenzia, bi baloi berreskuratu eta halakoak egin zituen.