GARA > Idatzia > Euskal Herria

Emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko oihua kalean

Hiriburu eta herrietan emakumeek pairatzen duten indarkeria gogor salatuko da gaur, eta batez ere, bihar, Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunean. Protestak ugari dira eta instituzioek agindutako neurriak ere asko; oraindik orain, biolentzia matxistaren biktimen gaineko zenbakiek arazoaren gordintasunaz eta larritasunaz ohartarazten dute.

p022_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Aste guztian zehar ugariak izan dira, alderdi, sindikatu, emakume talde eta instituzioek Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira egin dituzten ekimenak eta adierazpenak.

Zatiketa administratiboa medio, datu zehatz eta orokorrak ematea zail da, baina salaketen inguruko zenbakiak hor daude arazoaren handitasunaz eta garrantziaz ohartarazteko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egunero hamar emakume joaten dira epaitegietara bikotea edota bikote ohia tratu txarrengatik salatzera; Nafarroan berriz, Gobernuak aditzera eman duenez, jada 839tik gora dira emakumeen aurkako indarkeria salatu dutenak. Argigarria da, halaber, Baionako epaitegian urtero tratu txarrengatik 150 kasu izaten dituztela jakitea. Datu esanguratsuak izan arren, salatzen ez duten emakumeak gehiengoa direla jakiteak, arazoa deigarriago egiten du eta haren gordintasunaren erakusle dira.

Bihar da izatez, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna, baina azken egunetan izan da ekimenik han eta hemen. Atzo elkarretaratzeak egin ziren non-nahi. Donostian, esate baterako, indarkeria matxista salatzeko hainbat sindikatu Boulevarrean bildu ziren, ikastetxeetan Ikasle Abertzaleek eta Segik deituta mobilizazioak egin ziren.

Berdinsareak bultzatuta, ekimen ugari egin ziren beste hainbat udalerritan ere. Tolosan, esate baterako, mural bat margotu zuten ikastetxeetako ikasleen parte hartzea izan zuen ekimenean.

Martxa Barakaldora

Gaur, bestalde, martxa antolatu dute Ezkerraldea eta Mehatzetako emakume taldeek. Goizeko 11.30ean abiatuko da Portugaleteko Gorbea plazatik eta, Sestaotik igaro ostean, Barakaldon amaituko da. Emakume talde horiek salatu nahi izan dutenez, Barakaldoko epaitegian egunero, batez beste, 1,5 tratu txar kasu salatzen dira. Baionan ere, gaur egingo dute indarkeria matxistaren aurkako protesta. Manifestazio zaratatsua goizeko 11.30ean abiatuko da Euskal Museoaren ataritik. Zarautzen, bestalde, elkarretaratzea egingo dute eguerdian, Udaletxe parean.

Bihar, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, Euskal Herriko kale bazterrak genero indarkeria salatu nahi duen oihuak hartuko ditu. Emakume taldeek deituta, esate baterako, eguerdian mobilizazioak egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Donostian, 13.00-etan abiatuko da Boulevarretik; Bilbon, 12.30ean Arriagatik; Gasteizen, 13.00ean Korreosetik; eta Iruñean, 12.00etan Gaztelu plazan emango diote hasiera ibilbideari.

Arratsaldean berriz, Acovidem elkarteak martxa antolatu du. 17.00 etan abiatuko da Boulebarretik, «opta por el respeto, en marcha contra la violencia de género» leloarekin.

Hiriburuetan ez ezik beste hainbat herritan ere deitu dituzte mobilizazioak, besteren artean, Azpeitian, Tolosan, Zizurkilen, Arrasaten, Lizarran, Leitzan, Etxarrin, Altsasun, Algortan, Errenterian, Zornotzan, Igorren, Gasteizen eta Izarran.

EAE-ANV: «Egungo eredu patriarkala gainditu behar da»

EAE-ANVko hainbat hautetsik agerraldia egin zuten atzo, bihar ospatuko den Emakumeen Aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira, udaletan abian jarri asmo dituzten planen berri emateko. Euren esanetan, halako ekimenak eraginkorrak, integralak eta iraunkorrak izan behar dira. «Integrala izateko, egungo izaera asistentziala gainditu behar da, eta erasoa gertatu ondoko neurriez gain, aurretiazko neurriak ere hartu behar dira; eraginkor izateko, integrala izan behar du ezinbestean, eta erasoak esparru guztietan ematen direnez, planak esparru horietan guztietan eragin behar du, hala nola, hezkuntzan, lan merkatuan, kalean...; eta azkenik, ezinbestekoa da iraunkorra izatea, eta eremu ezberdinetako zerbitzuen koordinazioa bermatzea», azaldu zuten atzoko agerraldian.

Alderdi ekintzaleko hautetsien esanetan, ordua da indarkeriaren muinera joateko, sexuen arteko harreman hierarkikoak gainditu, eta parekidetasunerantz egingo duten politika eta bitartekoak martxan jartzeko; eta horretan, «erakunde publikoek izugarrizko ardura dute».

Egungo gizarte eredu patriarkalean ere erreparatu nahi izan zuten. «Bizitzaren esparru guztietan emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak hierarkikoak dira, eta harreman eredu horren ondorioz emakumeok menpekotasuna, bazterketa eta zapalketa pairatzen ditugu, besteren artean», salatu zuten. Horregatik, harreman eredu hori, ezinbestean, aldatzea beharrezkotzat jo zuten.

«Guk gizon zein emakume askez osatutako Euskal Herri librea eraiki nahi dugu, emakumeon eskubideak guztiz errespetatuko diren Estatua, alegia», adierazi zuten hautetsi guztien izenean hitza hartu zuten Bergarako alkate, Agurne Barrusok eta, Hondarribiko zinegotzi Miren Legorburuk. Bide horretan egungo markoa gainditzea ezinbestekoa dela uste dute «marko hau ere sistema patriarkalean oinarritzen delako».

Hautetsi horien esanetan, emakumeei dagozkien eskubideak aitortu eta bermatuak izan daitezen urratsak eman behar dira eta, horretarako, «markoa gainditu eta gure eskubidea zaindu eta bermatuko dituzten instituzioak» eratu behar direla. «Berau independentziarekin baino ez dugu lortuko», nabarmendu zuten atzokoan .

M. E.

Lan eremuko sexu jazarpenari aurre egiteko gida banatu du LABek

Salatzea garrantzitsua bada, are eta gehiago da irtenbideak proposatzea, eta hori egin du LABek. Sindikatuak urteak daramatza lan eremuan gertatzen den sexu jazarpena salatzen; izan ere, beren ustez, «sexu jazarpena emakumezkoen duintasun indibidual eta kolektiboaren aurkakoa da eta erasotuak diren emakumeengan arazo garrantzitsuak sortzen ditu osasunean; eragina du bizitza pertsonalean, laboralean eta sozialean».

Horregatik, aurten gida bat ari dira banatzen lantegietan. Helburua bikoitza da: batetik, prebentzioan sakontzea, hau da, tankera horretako eraso gehiagorik izan ez dadin ekiditea; bestetik, gertatuz gero, ahalik eta arinen ematea eman beharreko pausoak. Era berean, lanean jarraituko duela berretsi du sindikatu abertzaleak, besteren artean, «lantoki guztietan sexu jazarpenari aurre egiteko protokoloak izateko».

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo