Goikoetxea eta Iglesias aske utzi dituzte euroaginduak aztertu bitartean
GARA |
Paueko Epaitegiak aske utzi zituen atzo arratsaldean Pedro Mari Goikoetxea eta Kontxi Iglesias, kautelazko neurriekin, euren aurkako euroaginduen izapideak egin bitartean.
Iglesias atzo goizean bertan atxilotu zuten Ahurti eta Le- huntze herrien artean, Baionatik kilometro gutxira, autoz zihoala. Berri agentziek aditzera eman zutenez, atxiloketa goizeko 8.15ean gertatu zen. Orain dela hamabi urte Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek hartutako erabaki batek eragin du haren aurka dagoen euroagindua, errege espainolaren aurka ETAk egitekoa zuen ustezko ekintza dela-eta.
Pedro Mari Goikoetxea, bestalde, ostegunean atxilotu zuen Polizia frantsesak Behobian. Efe berri agentziak zabaldutakoaren arabera, 65 urteko hernaniarraren aurkako euroagindua 1996-ko erabaki batean oinarritzen da. Orduan, Baltasar Garzon epaileak «armak legez kontra edukitzea eta erakunde terroristako partaide izatea» delituak egotzi zizkion.
Goikoetxea 1993an atxilotu zuen Polizia frantsesak Laurence Le Vert Parisko epailearen aginduz; orduan ere, Behobian hartu zuten preso beste lau euskal herritarrekin batera. Goikoetxeari «gaizkile taldeko kide izatea» leporatu zioten orduan, eta kartzelaratu egin zuten; hilabete batzuk beranduago, ordea, aske utzi zuten. 1996an Garzonek «Donosti komandoarekin» erlazioa zuela argudiatuta, prozesatu egin zuen.
Aske geratu diren bi errefuxiatuak, aldian-aldian, aurkeztu egin beharko dira epaitegian euroaginduen izapideak egiten diren bitartean.
Berri agentziek aditzera eman zutenez, aske uzteko kontuan hartu da Goikoetxearen «adina eta osasun egoera». Iglesiasen kasuan, berriz, polizia indarrek bere «bizilekua ezagutzen» dutelako utzi ei dute aske.