GARA > Idatzia > Errugbia

TOP 14

Avironek bere alderik ahulena erakutsi du Parisen

Zuri-urdinek lehen zatia itxuroso bete zuten eta aurretik ere izan ziren, baina euskaldunek bigarren zatian behera egin, batez ere, Haare egotzi zutenean, eta zazpi entsegu jaso zituzten

STADE FRANÇAISE 46  AVIRON 6

Jon LEUNDA | BAIONA

Avironek orain arte sekulako partidak egin ditu Ligan, jokatutako biak irabazi egin zituen, baina atzo bestelako itxura eman zuen, oso partida txarra egin baitzuen, bereziki, bigarren zatian.

Emaitzari begiratuz gero, gauzak oso garbi daudela esan daiteke. Talde batek horrelako aldearekin irabazten baldin badu, garbi dago aurkaria baino askoz ere gehiago izan dela.

Hala ere, atzoko norgehiagokak baditu azaltzeko gauza bat baino gehiago. Izan ere zuri-urdinek oso partida txukuna egin zuten lehen zatian. Tarte horretan ongi eutsi zion aurkariari. Markagailuan ere aurretik jarri ziren Richard Dourthek gauzatutako zigor kolpe bati esker. Gero, Stadek aurrera jo zuen, hori zen itxaroten zena, baina euskaldunak lan bikaina egin zuten. Atzean sendo aritu ziren, eta lehenagoko grina ere erakusten zuten, baina zelaian egondako oreka hori lehen zatiko azkeneko minutuetan hautsi zen, Parisko taldeak entsegu bat egin zuenean. 15-6 joan ziren atseden hartzera, eta lehenengoko berrogei minutuetan ikusitakoaren arabera, itxaropenerako ateak zabalik zeuden.

Bigarren zatian, ordea, gauzak okertzen hasi ziren, hasi eta lau minututara etxekoek entsegua egin baitzuten, eta aldea gehitzen hasi ziren.

Bat gutxiago

Frantziako hiriburuko taldeak bigarren zatian erasora jo zuen, baina bigarren berrogei minutuetan, lapurtarrek erraztasun asko eman zituzten, erabat galduta egon baitziren.

Lehendik gauzak okertzen hasita baldin bazeuden ere, bigarren zatiko erdialdean erabat okertu ziren. Haarek, txartel horia ikusi zuen, eta hamar minututarako egotzi zuen epaileak. Horrek min handia egin zion lehendik zaurituta zegoen taldeari, eta partidak betirako eskuetatik ihes egin zion.

Orain arte Avironek itxura bikaina eskaini du eta lerro guztiak oso ongi aritu izan dira. Atzoko lehen zatian ere itxuroso aritu ziren, baina bigarren zatian galdu egin ziren, eta erraztasun gehiegi eman zituzten. Zazpi entsegu jaso zituen, eta hori gehiegitxo ere bada.

 

ASB Baionako neskek maila berari eutsi nahi diote

ASB Baionako nesken egoera ez da erraza. Lehen Mailan, bere multzoan, gainerako taldeak baino askoz ere gehiago da, eta hori baieztatzeko orain arteko emaitzei begirau besterik ez dago. Pasa den astean, esaterako, 75-0 irabazi zuten. Hala ere, entrenatzaileak garbi utzi du, burua ez dela galdu behar eta ez dagoela lasitzerik, nahiz eta jakin hori ez dela erraza. Hori bai, denak adi izateko, jokalari guztiei ematen ari zaie aukera..

Bedde-moreek, gaur jokatuko dute Salon La Tour taldearen zelaian, 16.30ean hasita. Partida honetan ere alde dezentea dago bi taldeen artean, eta euskaldunek ez lukete arazorik izan behar garaipena lortzeko. Emozioa, baionarrek zenbat entsegu lortzen dituzten jakitean dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo