Mikel Aramendi Kazetaria
Hor dituzue gure ahalmenak
Bihar hastekoa den Ekialde Ertainerako Bake Konferentzia zergatik kokatu duen Etxe Zuriak Marylandeko Annapolisen sumatzea ez da zaila. Bostehun urte betetzear lituzke Aragoiko Fernando errege makurra hiltzean harrotuta agertu zitzaizkion handikiei Jimenez de Cisneros kardinal are makurragoak bota omen zien hark: «Hara, hor dituzue nire ahalmenak». Harresian lekututa zituen kanoiak leihotik seinalatzen zizkien bitartean, jakina. Egia ala gezurra delarik, unibertsalki ezaguna da pasadizoa, eta era askotako hausnarketen sorburua izan da. europar estatu modernoen sorreran artilleriak izan zuen garrantzi erabakigarriaz tematzeko ere bai, bide batez.
Ez dakit C. Ricek ezagutuko zuen Cisnerosen pasadizoa; Bushek, apustu egingo nuke ezetz. Baina haren deliberora ailegatzeko ez dago kardinala izan beharrik, eta Bush administrazioak ere hausnartu bide du Ekialde Ertaineko liztortegiko ezten zorrotzenak biltzekotan, indar erakusketa, urguria baina kaikuenak ere ikusteko modukoa, egitea ezinbestekoa zuela. Horrela, AEBen ahalmenak ere ikus/entzun (eta, bidenabar, beti presente izan) ditzaten elkarri ziztaka ari diren bitartean, Annapolisera bideratu dituzte Olmert, Abu Mazen eta gainerako goi agintariak.
Annapolisen dago AEBtako Itsas Akademia. Hiri populazioaren hamarrena osatzen dute Akademiako ofizialgaiek, eta Akademia da bertako bizimoduaren ardatz ia bakarra. Munduko gerra-untziteria handiena eta modernoena gobernatu behar duen ofizialgoa handik ateratzen da XIX. mendearen erdialdeaz geroztik. Baita Osaba Samen ukabila den Marine Corps horretako ofizialak ere. Ekialde Ertaineko politika kudeatzen duten azerietakoa izan beharrik ez dago mezua, aski zabarra, aditzeko: Hara, hor dituzue gure ahalmenak.
Eta benetan, Estatu Batuen gerra untziteria da gaur egun munduko potentzia nagusiaren eta beste herrialde guztien arteko alde kualitatiboa ezartzen duen faktorea, gatazka konbentzionalei dagokienean behintzat. Ekialde Ertaineko gatazkaren protagonista guztiek badakite hori, aspalditik. Cisnerosek aurrean zituen handikien kasuan ez bezala, ordea, haiek ez dute euren burua/leinua/ondarea ordezkatzen Annapolisen, egitate eta arazo politiko eta estrategiko asmoz korapilatsuagoak baizik. Eta apustu egingo nuke emaitza oso ezberdina izango dela. Annapolis ez dela Dayton II izango, alegia.