Eguzki Irratiko saio berriak, 25 urte beteko dituen ikasturtean
Iruñeko Eguzki Irratiak abian den ikasturtean eskaintzen ari den programazioaren aurkezpena egin du. Aurten hogeita bost urte beteko ditu eta berrikuntza nagusia ekoizpen propioa duten saioen kopurua eta asteburuko programazioa zabaltzea izango da.
Itziar PEREZ | IRUÑEA
Inoiz baino gazteago sentitzen da Iruñeko Eguzki Irratia, izan ere, datorren hilean hogeita bost urte beteko ditu Iruñerriko irrati libre honek. Abiatu berria den denboraldi honetan zehar entzungai dagoen programazioaren berri eman dute oraintsu. Aurtengo berrikuntzen artean, ekoizpen propioa duten saioen kopurua handitzea izan da nagusia. Guztira 36 saiok osatzen dute programazioa eta horietatik erdia Eguzki Irratiak ekoitzitakoak dira. Irratsaioen beste zatia, ordea, Arrosa irrati sareko programek osatutakoa da.
Aurten entzungai izan diren emanaldien artean mota ezberdinetako saioak topatuko ditu entzuleak, hala nola, «Hontzadarra», gai ezberdinen inguruko eztabaida saioa; «Ondas soberanas», Nafarroako historiaren inguruko irratsaioa, Historiaurrean hasi eta poliki-poliki denboran aurrera egingo duena; «Kalamatik at», gazteek egindako magazina edota «El tenderete» kultura eta musika uztartzen dituen magazina. Hizkuntzari dagokionez, saioen erdia ematen dute euskaraz, eta beste erdia gaztelaniaz.
Honez gainera, Eguzki Irratiko uhinetan musikak ere aparteko tokia edukiko du. Hori dela eta, astelehenetik igandera bitartean musika estilo ezberdinen gaineko saioak entzun daitezke: «Mundo cocek» (munduko musikak), «Pasión por el ruido» (musika herritarra), «Fiebre» (Hip hop) eta «Goetia» (metala).
Emisio orduak ere dezente hedatu dira, astelehenetik ostiralera bitartean 08.00etatik 14.00etara eta 17.30etik 23.00etara izaten baitira saioak. Asteburuetan programazioa, aldiz, eguerdian hasiko da eta 03.00ak bitartean luzatuko da.
Eguzki Irratiarentzat denboraldi hau berezia izanen da, alde batetik, abenduaren 15ean 25 urte beteko dituelako. Hori dela eta, egun horretan urteurrena ospatzeko Eguzkikideekin afaria antolatuko dute.
Eta beste alde batetik, datozen hilabeteetan zehar obretan dagoen estudio berriaren inaugurazioa ere eginen dutelako. Helburu hauek eta Eguzkiren proiektua garatu ahal izateko jendea Eguzkikide izatera animatu dute, denen laguntza ezinbestekotzat jotzen baitute.