Happy birthday!
Ines INTXAUSTI, Telebista kritikaria
Euskadi Irratiak 25 urte bete ditu. Happy birthday inplikatu zein kolaboratzaile guztiei! Eta urteurren erakargarria zein biribila ospatzeko, Peter Greenaway (?) gonbidatu zuten. Ulertezina iruditu zitzaidan.
Irratiaren zama sakonaren ahotsa omentzeko ikusmena aukeratzea. Ikusmen hutsa eta zarata ederra. Zarata baino zalapartari aparta delako zinemagile ingelesa. Bere gogoetabidea ez da aldatu eta mundu osoa zeharkatzen du urtero eskuan 92 maleta daramatzala. EITBk bere egoitza berrian orain arte antolatu dituen jai-party-ak oso gogokoak izan ditut. Eta asko gozatu dut bertan hitz hauen botere eufemistikoak baztertu nahi izan gabe, jakina. Irudi Park bilakatuko den espazioan ospatu zen urtemugaren errituala. Erdian Greenaway profeta «zinea hil da» esanez. Eta bost pantailetatik erakutsi zigun esaldi apokaliptikoaren mamuen mamia. Inguruan datorren milurteko bideoartista bilbotarrak. Ezin asmatu bilkura cool-agorik maiteok. Irratiaren irudia, irudi gaztea da zalantzarik gabe.
Eta Peter Greenawayk Jaungoikoaren aitaren adina beteko bazuen ere, gure belaunaldiz belaunaldiko gazte modernoenek belaunikaturik begiratzen jarrituko zuten. Greeneway ikonoklasta eta probokatzaileak nahi duena egin dezake. Ikus-entzule xumeak beti ikusiko du aho bete hortz, berdin gogoetabidearen kontzeptua bi mendetan aldatu ez. Batzuei -seguru asko txantxetan- Greenewayrena baino askoz ere egokiagoa irudituko zitzaien Howard Sternen presentzia bertoko jaian. «Eta zergatik ez Federico Jimenez Losantosekin batera?». Imajinatzen dituzue bi irrati esatari handi hauek biluzik zuzeneko programa egiten sarrerako unitate mugikorrean? Hori bai probokatzailea, ausarta, apurtzailea eta -ez bakarrik zinea- pintura, literatura eta musika hiltzeko modukoa. Bai horixe.
Laster Radio Euskadiren jaia ere ospatuko dute. Honen historiaren istorioa oso ezberdina da eta Greenewayk jarri duen helburua garaitzeko agian Nam June Peik ekarriko dute. Mesedez, kontutan hartu Howard Stern (eta ahaztu Fede-piko).