Felipe Juaristi: «Sendatzeko, eta bizitzeko, zauriak itxi egin behar dira, oroitzapenarenak batez ere»
«Ez da gaua begietara etortzen» (Erein) Felipe Juaristiren nobela berria da. Hiru historia dira nagusi bertan, eta hirurek badute zerikusia iraganarekin, alegia iraganari berriro aurre egiteak ekar dezakeen minarekin.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Hogei urte baino gehiago dira Felipe Juaristik (Azkoitia, 1957) halako historia bat idatzi nahi zuela, eta orain arte ez omen du «premiarik» ikusi. Iraganak jendea nola «jipoitzen» duen erakusteko gogoa piztu zaio baina, oraingoan, eta horretara dator nolabait bere nobela berria.
Hasieran hiriaren gainbehera kontatu nahi zuen berak, «balore moralak azpian geratu eta beste balore batzuk gailentzen direnekoa», eta bere aita noiz etorriko zain dagoen argazkilari baten begia izango zuen horretarako kontalari. «Baina, orduan zerbait gertatu zen nobelaren nondik norakoa, zentzua eta estiloa aldarazi zizkidana», aitortu zuen aurkezpenean.
Oraindik ere, aldaketa hori zerk eragin zuen zehazterik ez badu ere, zera aitortu zuen idazleak: «Izan liteke barnean neraman zirkuluaren mina ixteko beharra. Sendatzeko eta, batez ere, bizitzeko, zauriak itxi behar dira, oroitzapenarenak bereziki, mingarri gerta ez daitezen».
Horretarako, hiru pertsonaia nagusi sortu ditu Juaristik: Lope, Miranda eta Gabriel. Alegia, aitaren zain dagoen argazkilariaren historiaz gain, bere iraganari aurre egin behar dion ETAko militante ohiarena etorri zitzaion burura; eta, «zirkulua ixte» aldera, senarra hil duten tokira joan nahi duen emakumearen historia ere erantsi dio kontakizunari. «Pertsonaia bakoitzak bere mina darama -zehaztu zuen-, bere hutsaren gainean, eta bere minarekin amaitzeko esperantza. Gabrielek ETA utzi zuen aspaldi, baina ETAk ez zuen bera utzi. Berak, ustez, atzean utzitako iragana bere aurrean azalduko zaio».
Bada, hiru historia horiek kokatzeko eszenatokia behar zuen, eta ETAren atentatu bat baliatu du horretarako; «literaturaren ikuspegitik, tramoia baino ez da, nahi ditudan pertsonaiak azaltzeko eta desagerrarazteko pentsatua». Atentatua jazo eta bi urtera, pertsonaiak elkartu egingo dira hirian eta bakoitza bere zauria ixten saiatuko dela aurreratu zuen Juaristik.
Hiru urte baino gehiago igaro ditu nobela idazten, «eta idatzi ondoren orrazten, dama bat balitz bezala, eta gero taxutzen. Eta oraindik zaila egiten zait zertan den azaltzea», aitortu zuen. Nolanahi ere, berea «ez da nobela politikoa -argitu zuen gero-, ezta ETAri buruzko nobela ere. Literatura egin nahi nuen nik, eta ez tratatu politikoa».
Eleberriaren doinua lirikoa da, «pertsonaien barneko paisaia interesatzen zitzaidalako. Pertsonaien barne gogoetak eta sentimenduak kanporatzen lagungarri izan daitekeelako aukeratu nuen. Ez dago beste arrazoirik». Eta, giroari dagokio- nean, aldiz, hauxe nabarmendu zuen Juaristik: «Esango nuke ez dela errealista, eta batzuetan surrealista samarra ere badela. Baina pertsonaiak beraiek ametsaren eta errealitatearen artean dabiltza, zer den ametsa eta zer den errealitatea jakin gabe. Bere iritziz, alegia, «irudimenaren lurraldean bizi dira gehiago, arrazoimenarenean baino».
«Etxearen negarra» eleberria
Bestalde, Felipe Juaristik egunotan «Etxearen negarra» izenburuko liburua ere kaleratu du, Elkarrekin. Gazteei zuzendutako nobela da, eta etxebizitza bila dabilen bikote baten istorioa du oinarrian. Horren berri emateko, umorea baliatzen du bertan azkoitiarrak.
Izenburua: «Ez da gaua begietara etortzen». Orrialde kopurua: 256. Generoa: Eleberria. Argitaletxea: Erein. Salneurria: 17,50 euro.