Pako Aristik azken urteotan prentsan kaleratutako bere artikuluen bilduma osatu du
GARA | DONOSTIA
«Udan lana egiten zuen gizona» izenburupean, Erein-en bitartez plazaratu berri da azken hamar urteotan Pako Aristik idatzi iritzi artikuluen bilduma. Esparru horretan eroso sentitu da nonbait idazlea, eta Donostian egin aurkezpenean gogorarazi zutenez, testu bilduma hori hirugarrena du dagoeneko mende laurdeneko bidean.
Iñaki Aldekoa editorea ezezik, Aristik «Berria»ko kide Andres Gostin izan zuen alboan. Azken horrek egin zion hitzaurrea, eta azaldu zuen bildumako testuak udan idatzitakoak direla, «Euskaldunon Egunkaria»n lehenik, eta «Berria»n gero. «Baina, udan idatzitakoagatik, ez darie haiei urte sasoi horretako hainbat prentsa artikuluk izan ohi duen hutsaltasun eta fribolitate kiratsik».
Finean, eguneroko bizimodua ageri da idatzietan: «Bere begiradapean, egunerokotasuna beste jantzi batekin agertzen zaigu, bizitzak gordean dituen azpildurak erakusten baitizkigu behin eta berriro. Eta hori bada zerbait, kazetaritza, hein handi batean, espektakularitate eta morrontza bihurtu den garaiotan», Gostinen iritziz.
Esan zuen, halaber, Aristik antologia honetan «streptease narratibo osoa» egin duela; «sekula baino gordinago azaltzen ditu orain pentsatzen eta sentitzen dituenak, aho bizarrik gabe. Arlo ugari jarri ditu jomugan: kapitalismoa, ezkerraren norabidea, kontsumismoa, idaztearen gorabeherak, hedabideen egoera, giro politikoa...». Laburbilduz, Aristi beti izan ei da kritikoa denekin, «baina orain salaketa horiek inoiz baino biluziago ageri dira haren idazteko moduan; zuzenagoak dira azken artikuluak, gordinagoak mezuak».
22 urterekin abiatu ibilbidea
Pako Aristik gogorarazi zuen 22 urterekin hasi zela zutabeak idazten, «beraz 22 urterekin galdu nuen nire iritzia a-gertzeko lotsa, edo 22 urte- rekin eskuratu nuen nire kezkak, zalantzak, ahuldadeak eta haserreak erakusketako askatasuna. Askatasun esparru ederra, egunkarieta- koa, bizi dugun Euskal Herri zorabiatu eta zorabiagarri honetan idatzi arren, oso bakanak izan baitira zentsura jasan dudan uneak». Bere esanetan, alegia, «ni behintzat aske sentitu naiz, neure buruari hala sentitzeko baimena eman ondoren».
Urteotan, baina, aldaketarik ere izan ei du Aristik: «Lehen gai bila ibiltzen nintzen bezperan desesperatuki (zutabeak idazteko); orain gaiok nire buruan, nire bihotzean bizi dira, nireak dira erabat, eta egoki formulatzea baizik ez zait geratzen, alegia: hizkuntza aratz, zorrotz eta garden bat erabiliz ni liluratu nauten gauzekin irakurleari gozaraztea, edo gozarazten saiatzea behintzat».
Izenburua: «Udan lana egiten zuen gizona». Orrialde kopurua: 144. Argitaletxea: Erein. Salneurria: 15,50 euro.