GARA > Idatzia > Zirikazan

Josebe EGIA

Ahulguneak non, lana han

Zergatik inork ez du emakumeek gizonei sortzen dieten minari buruz hitz egiten? Batzuek hainbesteko min psikikoa jasaten dute non zoratu egiten diren eta min horren sorburuarekin akabatzeko erokeria burutzen duten. Esan nahi dudana da gizonen `eromena' ez dela zerutik eroria, baizik eta emakumeek sorrarazia hain min handia jasateko gai ez diren gizonei. Batzuentzat jasangarria denez, errepresalia moduan ez dute indarkeria fisikoa erabiltzen, psikologikoa baizik. Ez lukete egin beharko, baina pertsona orok ezin du erokeriak egitea ekidin minagatik zoratuta dagoenean».

Egunkari digital batean irakurri nituen adierazpenok. Gizon batek sinatzen zuen. Internetek gordetzen duen anonimatuagatik babestua, benetan pentsatzen dena botatzea errazagoa da. Ez dakit gizon horrek gauza bera esango lukeen aurrez aurreko egoera batean, lagunekin poteatzen edo laneko atseden batean. Ziurrenik ez. Horrek kezkatu eta beldurtzen nau. Izan ere, halako indarkeria intimitatean gertatzen da, zigorgabetasun sentsazioa erabatekoa denean, alegia. Zenbat aldiz, erailketen ondoren, entzun ditugu «hain jatorra zirudien», «edukazio onekoa zen, beti irribarrez» bezalako ingurukoen adierazpenak? Halako egoera bat azalean edo hurbiletik bizi izan duenak, pertsona harengandik siniste hutsak zenbat denbora eman zion azalduko dizu.

Tratu txarrak ematen dituztenen gehienei ez zaie ezer antzematen, ez daramate aurpegian zer egiteko gai diren idatzita, ez daude erotuta eta ondo, oso ondo, kontrolatu ohi dute egoera, badakite non bai eta non ez, badakite noiz bai eta noiz ez. Halako gauza gaitzesgarriak egiteko gai den pertsona eroa dela desmitifika dezagun behingoz, esan dezagun argi eta garbi, emakumeak objetu bihurtzearekin zerikusi handiagoa duela, emakumea menperatzearekin, boteretsu sentitzearekin. Historian zehar emakumeak izan duen egoera eta baldintza ez aldatzearekin, intimitatean behintzat. Hortik hasita kanporaka, gauza bera.

Atzo Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen. Eta zer. Euskal Herrian egunero 5 emakumek eskatzen dute aldentze agindua, urte osoan pentsa zenbat diren. Aurten, 84 emakume hil dituzte. Telebistako albisteek tonu larrian datuon berri ematen diguten bitartean, saioek lekua egiten diete delitugileei -Madrilgo metrokoari, kasu- eta indarkeriaren irudiei, behin eta berriz. Telebistak pertsonen bizitzak baliatzen ditu entrenimendu gisa, arduradunek ondorioak euren esku ez daudela lasai asko esanez, iraganetik ikastea ez da errentagarria, antza. «Ezkontza eszenak» bezalako saio sexista eta desatsegina mantzentzen eta errepikatzen dute. Telebistak duen boterea eta oihartzuna kontuan izanda, bada garaia hausnarketatik ekintzara pasatzeko eta eskumena dutenek egoera penagarri hau eteteko. Atzoko eguna, terrorismo mota hori erauzteko zenbat gelditzen zaigun gogorarazteko da, jendartean ahulguneak non-eta horiek lantzeko, neurriak eta baliabideak sendotzeko. Eta, noski, ez dauden guztiak gogoan izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo