GARA > Idatzia > Euskal Herria

Leiak Nafarroa Beherea zeharkatu du, ez kamioiez, gizartearekin baino

Kamioien korridorearen aurkako Leiaren martxak Nafarroa Behere osoa zeharkatu du asteburu honetan. Salbaterratik Lasara, hogeita hiru herritatik pasatu dira ia 2.000 parte hartzaile. Daniel Olzomendiren hitzetan, gizarte osoa mobilizatu da oinez, bizikletaz zein traktorez.

GARA |

Biziki pozik ziren atzo Leiako lagunak. 2x2 proiektua gauzatu ez dadin lanean ari den kolektibo horrek martxa bat antolatu zuen astebururako; Nafarroa Beherea zeharkatzea zen helburua, ez kamioiez, gizartearekin baizik, mobilizazioa azkartzeko eta herritarrak Pirinioetan zeharreko autobidearen kontra daudela erakusteko. Daniel Olzomendi, elkarteak eskualde horretan duen presidenteak, GARAri jakinarazi zionez, kasik bi mila pertsonak parte hartu zuten ibilaldian eta «izugarri mugimendu polita izan da».

Jean-Jacques Lasserren erranak gaitzetsi zituzten lagun horiek: Pirinio Atlantikoko Kontseilu Orokorreko presidenteak ziurtatu zuenez, 2x2 proiektuak ezin du aitzinera egin: baldintzak ez dira bete eta diruarekin arazoak daude. Leiaren arabera, solas horiek ez dira sinesgarriak, bi arrazoirengatik: Nafarroa Garaiko Gobernuak bi lurraldeetako planak elkarrekin egiten ari direla aipatzen du beti eta norabide bakoitzean bi bide egiteaz mintzatzen da, ez horietako bat bikoizteaz, Lasserrek azaldu bezala.

Bigarrenik, Olzomendik ohartarazi zuenez, Kontseilu Orokorreko presidenteak proiektua geldituta dagoela esan arren, ez du bozkatu nahi. «Lurralde honek bere ikusteko moldearen berri eman du, mobilizazioak antolatu ditu, oposizioa erakutsi du. %83 Herriko Etxek ezetz erran diote proiektu horri eta bi Herri Elkargok ere oposizioa azaldu dute. Hautetsiak proiektu horren kontra dira, gizarte oso bat proiektu horren kontra da, eta guk galdegiten duguna demokrazia da. Lurralde bat ezin da zeharkatu jendearen eta hautetsien nahiaren kontra», ziurtatu zuen.

Ibilaldiaren amaierako mintzaldian abenduaren 20an Pauera, Kontseilu Orokorreko biltzarrera joateko deia egin zuten.

Abenduak 20

2x2 proiektua geldiarazteko ekintzak behar direla uste du Leiak eta herritarrei abenduaren 20an Pauen egingo den Kontseilu Orokorreko biltzarrera joateko eskatu die.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo